AEB-ak

Dagoeneko bost dira Kapitolioko erasoan hildakoak

Hildakoetako bik indarkeria zuzena pairatu zuten istiluetan, beste batek bihotzekoa jasan zuen, eta bik zehaztu gabeko «larrialdi medikoak» eduki zituzten.

Bi polizia Kapitolioko ate bateko lehio hautsi batetik begira. MICHAEL REYNOLDS / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 8a
10:46
Entzun

Tiroengatik, bihotzekoak jota, erorita edo zehaztu gabeko jatorriko zauriekin. Washingtongo erietxetan hainbat lagun ingresatu behar izan zituzten herenegun, AEBetako Legebiltzarreko bi ganberak biltzen dituen Kapitolioko eraikinaren aurkako erasoan zauriturik. Horietako bost hil egin dira dagoeneko.

Gauean gertatu da azken heriotza. Washingtongo Kapitolioko Poliziak baieztatu duenez, erasoan zaurituriko polizietako bat hil da. Brian D. Sicknick zuen izena, eta erasotzaileei fisikoki aurre egitean «jasotako zaurien eraginez» hil dela esan dute, beste xehetasunik eman gabe. Adierazi dutenez, Kapitolioko Poliziako kidea zen 2008tik, eta larrialdietako taldean zegoen han.

Baieztatu zuten lehen hildakoa protestan parte hartu zuen emakumezko bat da: 35 urteko Ashli Babbitt. Kapitolioaren areto bateko ateetako beirak hautsi ondoren, sartzen hasi zen Babbit, eta, orduan, tiro egin zion Kapitolioko Poliziako kide batek. Lepoan jo zion tiroa, eta emakumea erietxera eraman zuten. Ordu batzuk geroago hil zen. Militarra izan zen emakumea 14urtez. AEBetako Aire Armadako kidea izan zen, eta Afganistanen eta Iraken aritu zen. Gero, Kuwaiten eta Qatarren, Guardia Nazionalarekin. Haren ingurukoek azaldu dutenez, Trumpen jarraitzaile sutsua zen, eta haren inguruko konspirazio teoriak zabaltzen zituen sare sozialetan. Haren azkeneko txioan, honakoa idatzi zuen: «Ezerk ez gaitu geldituko... saiatu ahalko dira, saiatu eta saiatu, baina ekaitza hemen da, eta Washingtonen gainean eroriko da 24 ordu baino lehenago... iluntasunetik argira!». Tiro egin zuen polizia etxera bidali dute, eta ikertzen ari dira.

Atzo baieztaturiko beste hildakoa 55 urteko Kevin Greeson zen, eta bihotzeko baten eraginez hil zen. AEBetako hedabideek zabaldu dutenez, odol presio altua pairatzen zuen. Protestarien artean zegoen, eta Trumpen jarraitzaile amorratua zen. «Emozionaturik zegoen gertaera hartan parte hartu nahi zuelako», esan dute haren senideek, eta indarkeria ekintzetan aritzeko asmorik ez zuela gaineratu dute.

Beste bi hildakoak 50 urteko Benjamin Phillips eta 34 urteko Rosanne Boyland dira. Horren heriotzen arrazoien inguruko informazio zehatzik ez dute eman, baina osasun agintariek esan dute «larrialdi medikoak» pairatu zituztela Kapitolioaren eremuan zeudenean. Beraz, ulertu behar da ez zutela indarkeria zuzenik pairatu.

Beste hainbat zauritu daude oraindik erietxetan. Larrialdi zerbitzuek esan dutenez, batzuk Kapitolioaren eraikineko mendebaldean zegoen aldamiotik erori eta hezurrak hautsita dituzte. Horrez gain, polizia batek zauriak ditu aurpegian, erasotzaileek jaurtitako objektu baten kolpearen eraginez, eta beste bat erietxean sartu zuten piper esprai batekin eraso ziotelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.