AEB-ak

Trump ez da joango Bidenen presidente kargua hartzeko ekitaldira

Donald Trump presidenteak onartu du porrota, eta gaitzetsi egin du Kapitolioaren aurkako erasoa. Polizia bat hil da istiluetan jasotako tiro baten ondorioz.

Nancy Pelosi, Ordezkarien Ganberako presidentea. MICHAEL REYNOLDS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 8a
10:56
Entzun

Muga guztiak gainditu ditu Donald Trump presidenteak azken egunetan, eta orain urrats bat gehiago egin du: Twitter bidez iragarri du ez duela parte hartuko hilaren 20ko ekitaldian, Joe Biden presidente hautatuak eta Kamala Harris presidentordeak karguaren zina egingo duten horretan.

 

 

Aurrez, AEBetako Konstituzioko 25. zuzenketa abian jartzeko eskatu du Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik. Mike Pence presidenteordeari egin dio eskaria, haren ardura baita prozedura bideratzea. Buruzagi demokratak, hala ere, ez du baztertzen presidentea kargugabetzeko bigarren aukera ere, impeachment-a. Baina kontuan izanik Joe Biden presidente hautatuak urtarrilaren 20an egingo duela karguaren zina, ez lukete nahiko tarterik izango estatuburuaren aurkako auzi politikoa egiteko —aurreko aldian bi aste behar izan zituzten—.

Ordezkarien Ganberako eledunordeak jakinarazi du Pence eta Trumpek gobernuko gainontzeko kideek 25. zuzenketa abian jarri ezean, behe ganberak datorren astean abiatuko lukeela impeachment prozedura. Demokratak gaur arratsaldean biltzekoak dira gaia eztabaidatzeko. «Matxino talde bat Kapitolioaren aurka bidali duen presidente bat dugu. Ondorioz bost hildako ditugu eta gure demokraziari egindako kaltea ere onartezina da», salatu du Katherine Clarkek.

Trumpek berak porrota onartuz erantzun dio bart kritika erauntsiari. «Kongresuak berretsi ditu emaitzak eta administrazio berria urtarrilaren 20an hasiko da lanean. Nire helburua orain trantsizio leun eta ordenatu bat bermatzea da. Adiskidetzeko eta zauriak sendatzeko garaia da», esan du sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Bertan adierazi du «berehala» bidali zuela Guardia Nazionala sarkinak kanporatzeko, baina zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, Trumpek uko egin zion hasieran militarrei dei egiteari, eta Pence presidenteordeak hartu behar izan zuen erabakia.

Estatuburu errepublikanoak Kapitolioaren aurkako erasoa ere gaitzetsi du, eta nabarmendu legea urratu dutenek ez dutela Alderdi Errepublikanoa ordezkatzen, eta egindakoa «ordaindu» egingo dutela. Lehen aldiz, bozetan iruzurra egin izana zuzenean salatu ez duen arren, bai nabarmendu du jarraituko duela borrokan hauteskundea legea aldatzeko «bozkatzaileen nortasuna eta hautagarritasuna» bermatua gera dadin, eta etorkizuneko bozen «fidagarritasuna» ziurtatzeko.

Hala ere, bideoa zabaldu eta ordu batzuetara bere ohiko jardunera itzuli da Twitterreko kontua erabiliz —Facebookek eta Instagramek blokeatu egin diote kontua urtarrialaren 20ko ekitaldia igaro arte, baina ez Twitterrek—, eta eskertu egin die 75 milioi  «abertzaleei» bere alde bozkatzeagatik eta «Amerika handi» egiteagatik, eta nabarmendu etorkizunean ere haien ahotsa entzunaraziko dutela.

 

 

Bestetik, estatuburuen eskumenak baliatuta Trumpek bere burua indultatzeko asmoa duela zabaldu dute zenbait komunikabidek. The New York Times egunkariak zabaldu duenez, aholkulariei galdetu die halakorik egin ahalko lukeen, eta eginez gero zer ondorio izango lukeen politikoki eta legeari dagokionez. Izan ere, behin kargua utzita bere aurka zabal ditzaketen ikerketetako bat ustelkeria salaketa batekin lotuta dago. Estatu mailako kasu bat litzateke, eta, presidenteak bere burua barkatuko balu ere, auziak aurrera jarraitu ahal izango luke. Hala ere, ez dago batere argi Trumpek bere burua barkatu ahal izango lukeen. Izan ere, 1974an, Richard Nixon presidenteak dimisioa eman baino apur bat lehenago egindako txosten baten arabera, abokatuek adierazi zuten inork ezin duela epaile izan bere aurkako auzi batean.

Presidentearen aurretik Etxe Zuriak ere gaitzetsi egin zuen Kapitolioaren aurkako erasoa. Kayleigh McEnany prentsa arduradunaren esanetan, erasotzaileek Konstituzioko lehen zuzenketa urratu zuten —erlijio eta adierazpen askatasuna babesten ditu puntu horrek—. McEnanyk segurtasun indarren lana eskertu ere egin zuten, eta nabarmendu «heroi» gisa aritu zirela Kapitolioaren defentsan. Hain zuzen ere, istiluetan Polizia bat hil zela baieztatu du bart Washingtonek. Harekin bost lirateke hildakoak.

Hain zuzen ere, Kapitolioko segurtasun arduradun Steven Sundek dimisioa eman du, istiluen osteko kritiken ondorioz. Pelosik berak, eta Senatuan errepublikanoen buru den Mitch McConnellek segurtasun neurrietan izandako hutsuneak salatu zituzten bezperan, eta Sunden dimisioa eskatu. Dimisioa eman aurretik Sundek iragarri zuen segurtasunean izandako hutsuneak ikertzen ari zela, eta Kapitolioaren aurkako jazarraldia «kriminala» izan zela gaitzetsi zuen.

Sundena ez da izan azken orduetan jakinarazitako dimisioa bakarra. Segurtasun arduradunaren bide bera jarraitu du Hezkuntza idazkari Betsy DeVosek ere, argudiatuz Trumpek erretorika «pisuzkoa» izan dela erasoaldia pizteko. «Haren administrazioak estatubatuarrentzako lortutako garaipen asko nabarmendu eta txalotu behar genituzke. Aldiz, AEBetako Kapitolioan sartu ziren manifestari bortitzak txikitutakoa garbitzen ari gara. Trumpek bere erretorikarekin halako zerbait bultzatu izana onartezina da».

Kritika gehiago

Asteazkenean gertatutakoak hizpide izaten jarraitzen du nazioarteko agintarien ahotan. Azken orduetan hitza hartu duenetako bat izan da Nicolas Maduro Venezuelako presidentea: «Nork esango zukeen, estatu kolpeak eta inbasioak sortzen diren herrialdearengandik? Baina ez dugu ahaztu behar Trump bera izan zela Venezuelan txotxongilo bat jartzen saiatu zena, eta Bolivian Evo kargugabetzen eta hiltzen ahalegindu zena».

Irango buruzagi erlijioso gorenak ere, Ali Khameneik, kritikatu egin du AEBetan gertatutakoa, eta «hauteskundeetako porrota» izan dela adierazi du. «Gaur ikusi genezake zer bilakatu den lider handia. Hau da haren demokrazia. Hauek dira haien giza eskubideak. Beltz bat hiltzen dute bi orduan behin eta hiltzailea ez da epaitua. Horiek dira gaur barregarri geratu diren estatubatuarren balioak».

Aurrez, nazioarteko beste hainbat agintarik ere salatu zuten gertatutakoa. Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek «lotsagarritzat» jo zuen gertatutakoa eta Alemaniako kantziler Angela Merkelek, berriz, Donald Trumpi egotzi zion gertatu denaren erantzukizuna, hauteskundeak galdu zituela ez onartzeagatik.

Honek guztiak banaketa eragin du Alderdi Errepublikanoan. Istiluen eraginez, hauteskundeetako emaitzen aurka egin asmo zuten ordezkari eta senatarietatik askok atzera egin zuten, eta ontzat eman zuten konpromisarioen zenbaketa. Aldiz, beste batzuek, Ted Cruz senatari errepublikanoak eutsi egin zion Trumpen diskurtsoari, eta beste hainbat ordezkarirekin batera Arizona eta Pennsylvaniako boto zenbaketaren kontra egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.