Klima krisia

2016arekin berdinduta, inoizko urterik beroena izan zen 2020a munduan

Klima aldaketarako Copernicus zerbitzu europarrak jasotako informazioaren arabera, 1,25 gradu beroagoa izan zen iazko munduko tenperatura industria aurreko batezbestekoa baino. Europan inoizko urterik beroena izan zen.

CO2 isurketen pilaketak handitzen jarraitu zuen iaz. Irudian, Alemaniako ikatz planta bat. PATRICK PLEUL / EFE
inaki petxarroman
2021eko urtarrilaren 8a
13:46
Entzun

Beste marka bat utzi du 2020ak. COVID-19aren pandemiaren urtea ez ezik, inoiz Lur planetan izandako urterik beroena ere izango da, neurketak egiten direnetik, 2016 urtearekin berdinduta. Europako Copernicus zerbitzuak egindako urteroko txostena argitaratu du gaur, eta komunikatu baten bidez eman du haren berri. Hona hemen txostenaren ondorio nagusiak:

Tenperatura

Lur planetako batez besteko tenperatura 1,25 gradu beroagoa izan zen industria aurrekoa baino, eta 0,6 gradu beroagoa erreferentzia gisa hartu izan den 1981-2010 aldikoa baino. Copernicusek jasotako datuen arabera, berotzea bereziki nabaria izan zen Artiko inguruan eta Siberiako iparraldean. Eremu geografiko horietan 1981-2010eko batezbestekoa baino sei gradu beroagoa ere izan zen hozberoa iaz.

Europan ere markak hautsi zituen tenperaturak iaz, eta aurreko urterik beroena baino 0,4 gradu altuagoa zen hozberoa kontinente horretan. Halaber, 1,6 gradu beroagoa izan zen tenperatura 1981-2010 aldian baino.

CO2aren pilaketa atmosferan

COVID-19aren ondorioz hartutako neurriengatik CO2 isurketak gutxitu baziren ere, atmosferan pilatzen jarraitu du karbono dioxidoak, eta 413 milioi partekoa (ppm) izan zen urteko batez besteko maximoa, maiatzean, aurreko urtean baino 2,3 ppm handiagoa. Alde horretatik, aurreko urtean baino hazkunde txikiagoa izan du CO2 pilaketak atmosferan, iaz 2,5 ppm-koa izan baitzen.

Izotz geruzaren mehetzea

Artikoko itsas izotz geruza ere nabarmen txikitu zen iaz, eta, besteak beste, inoizko meheena izan zen uztailean eta urrian. Artikoko izotz geruzak irailean izaten du urteko hedadurarik txikiena, eta iaz hilabete horretan izan ziren ezohiko tenperatura beroek eragin handia izan zuten urtze handi horretan. Hala ere, hilabete horretako inoizko geruzarik meheenetan bigarrena izan zuen Artiko itsasoak irailean. Hau da, orain arteko itsas geruzarik meheenetan bigarrena, 2012an izandakoaren atzean.

'El Niño' eta 'La Niña'

Munduari erreparatuta, ohikoa izan zen tenperaturen gorakada, baina izan zen salbuespenik. Izan ere, ekialdeko ekuatoreko Ozeano Pazifikoan ohikoa baino freskoagoa izan zen batez besteko tenperatura. Besteak beste, eskualde horretan La Niña gertakari meteorologikoa indarrean egon zen urtearen bigarren aldian, eta horrek tenperaturak jaitsi egiten ditu normalean. Esate baterako, 2015 eta 2016an (orain arteko beroena, 2020arekin batera) tenperaturak igotzen dituen El Niño indartsu bat egon zen indarrean Pazifikoan. El Niño izaten den urteetan, tenperatura beroagoak izateaz gain, CO2 gutxiago isurtzen dute oihanek, sute gehiago ere izaten direlako.

Suteak

Artikoan izan ziren ezohiko bero boladek eragin handia izan zuten suteetan. Copernicusek azaldu duenez, eskualde horiek ezohiko baso-suteen denboraldia izan zuten. Suteak maiatzean detektatu ziren lehen aldiz, eta udazkenera arte iraun zuten. Zirkulu polar artikoaren gaineko suteek bakarrik 244 megatona karbono dioxido askatu zituzten 2020an. Artikoko suteak ez ezik, munduko eskualde batzuetan sekulako suteak gertatu ziren, besteak beste, Australian eta Kalifornian (AEB).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.