FUTBOLA

Iraia Iturregi: «Pribilegioa da Athleticeko entrenatzailea izatea»

Loiuko teknikariak azaldu duenez, «gizatalde bikaina» dago, baita «talentu handiko jokalariak» ere. «Konfiantza» du egoerari buelta emango diotela.

Iraia Iturregi, lehen entrenamendua zuzentzen, gaur, Lezaman. ATHLETIC
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 8a
13:59
Entzun

Iraia Iturregik (Loiu, Bizkaia, 1985) hartu du jada aginte-makila Athleticen. Gaur goizean zuzendu du lehen entrenamendua, Lezaman, eta hori amaitutakoan San Mamesera joan da, hango prentsa aretoan aurkeztu baitute lehen taldeko entrenatzaile gisa, Angel Villacampa ordezkatuta. Aitor Elizegi Athleticeko presidentea eta Joseba Agirre kirol zuzendaria izan ditu ondoan.

«Pozik eta gogotsu» heldu dio erronka berriari. «Pribilegioa da Athleticeko entrenatzailea izatea. Unerik aproposena beste bat izango zen, baina aurrez aurre begiratu behar zaio eta dagoenari heldu. Inoiz ez da fardela Athletic entrenatzea. Gizatalde bikaina dago, baita talentu handiko jokalariak ere. Konfiantza dut honi buelta emango diogula», esan du. 

Iturregik azaldu duenez, ia ez du denborarik izan jokalariekin hitz egiteko, atzo gauean itxi baitzen tratua, baina argi utzi nahi izan die «konfiantza» izan dezaten taldean dagoen «talentuan». «Sinetsi behar dute zer diren, eta konfiantza lanari esker iritsiko dela. Baina lehentasuna asteburu honetan Eibarri irabaztea da [igandean jokatuko dute derbia, 12:00etan, Lezaman]».

Villacamparen kargugabetzeaz galdetuta, Elizegik esan du azken asteetan ez zutela tekla aproposa zapaltzen asmatu, eta pentsatu zutela irtenbidea «etxean» zegoela. «Ilusio handia dugu, apustu segurua dela uste baitugu». Lau egun eskasetan bi entrenatzaile kargutik kentzeak zer sentipen eragin dizkion galdetuta, aitortu zuen «bizirik dagoen bitartean» ez duela ahaztuko aste hau. «Baina etorkizunera begiratu behar dut. Bi funtsezko erabaki hartu dira, bi urtean bi talde berrituz, erregularragoak eta lehiakorragoak izan daitezen. Halako pertsonak iritsi behar dira Lezamara».

Presidenteak esandakoa berretsi du Agirrek. «Ondoen prestatuta dagoena da, eta guztiok genekien Iraia Athleticeko entrenatzaile izango zela. Goitik behera ezagutzen du kluba. Athleticen giltza eraman dezakeen pertsonarik aproposena da». Villacamparen kaleratzeaz, berriz, adierazi du futbola askotan ez dagoela lanaren mende. «Zuhaitza pixka bat astindu behar genuen, horixe baita dinamikak aldatzeko modua».

Athleticeko lehen taldea entrenatuko duen aurreneko emakumezkoa da Iturregi. Aurretik, hamabost urtez jokatu zuen talde zuri-gorrian, 402 partida guztira. Lau aldiz irabazi zuen Espainiako Liga, eta 2017an hartu zuen erretiroa. Urtebete geroago itzuli zen Lezamara, lehen taldeko prestatzaile lanak egiteko. Hurrengo denboraldian, berriz, bigarren taldeko entrenatzaile ardura hartu zuen, eta horretan aritu da orain arte. 

Iturregiz gain, beste hiru emakume ari dira entrenatzaile lanetan Espainiako Lehen Mailan. Realean, Natalia Arroyo katalana; Levanten, Maria Pry espainiarra; eta Sporting Huelvan, Jennifer Benitez espainiarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.