Komunikazioa

Mobilizazioak BERRIAn, Hamaikan eta Kanalduden

BERRIAk zuzeneko kontakizuna egingo du webgunean. Hamaikak eta Kanaldudek emankizun berezia egingo dute elkarrekin, 16:30ean hasita.

Baionako iazko manifestazioa. NAHIA GARAT
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 8a
14:03
Entzun

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izango dira gaur Euskal Herriko herrietan eta hirietan. Izan Bidea lelopean aterako dira herritarrak kalera Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; Baionan, berriz, Argi Dugu lelopean eginen dute protesta. Arratsaldeak ematen duena zuzenean jarraitu ahalko da Hamaikak eta Kanaldudek elkarlanean egingo duten saio berezian. 16:30ean hasiko dute zuzeneko emankizuna euskarazko bi kateetan.

BERRIAn mobilizazioen nondik norako guztiak emango dituzte webgunean eta sare sozialetan: zuzeneko kontakizuna egingo dute, eta argazkiak eta bideoak ikusgai jarriko dituzte, besteak beste. Igandean, paperezko egunkarian, gai nagusia hartuko du presoen eskubideen aldeko aldarriak: zortzi orrialde argitaratuko dira gaiaren ertz desberdinekin.

Hamaikaren jarraipena Bilboko egoitza nagusitik egingo dute. Kanaldudek, berriz, Baionan egonleku berezi bat prestatuko du saioa egiteko —egoitza Bidarrain (Nafarroa Beherea) du kateak—. Hamaikaren aurkezleak Bilbon Leire Regadas —Gurean gaur magazinaren aurkezle berria— eta Ekhi Atorrasagasti izango dira; Kanalduderen aurkezlea Baionan, aldiz, Pantxika Maitia izango da.

Lehen agurrak eginda, Hego Euskal Herriko hiriburuetan izanen diren unitate mobilen irudiak eta kontakizunak jasoko dituzte, baita azken asteetan herritarrek Interneteko sare sozialetan hedatu mezuak eta bideoak ere. Unitate ibiltarietan honako erreportariak arituko dira: Karol Suarez eta Iker Aginaga, Bilbon; Oihan Larrañaga, Donostian; eta Iosu Ganuza, Iruñean.

17:00etatik aurrera, Lapurdiko hiriburua izango da emankizunaren kokaleku nagusia. Kanaldudeko lantaldeak bertako berri emanen du, giroa jasoz eta senideen lekukotasunak argitan emanez. Askotariko elkarrizketak egingo dituzte: Jean François Irigoien Donibane Lohizuneko auzapeza (Lapurdi), Xantal Hergui Aiziritzeko auzapeza (Nafarroa Beherea), Anaiz Funosas Bake Bidea taldeko presidentea eta abar.

17:30ean, Bilbora egingo dute jauzi berriz ere, Bilboko ekitaldia eskaintzeko. Ondotik, Baionara itzuliko dira, Argi Dugu mobilizazioko antolatzaileen ekitaldi nagusia zuzenean emateko. Bukatzeko, egunak emandako irudien bilduma eskainiko dute Hamaikak eta Kanaldudek. Bi telebistetako webguneetan zuzenean ikusi ahalko da saioa; Hamaikak lurreko telebista digitalaren eta Euskaltelen bidez emango du, 16:30ean; eta berriro ikusi ahalko da larunbat gauean, 22:00etan. Igandean berriro emango dute saioa, 16:00etan.
Mobilizazioen irudi bilduma bat ere noiznahi ikusteko modua egongo da Hamaikaren zein Kanalduderen webguneetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.