Koronabirusa

Labik ez du proposatu neurri berririk, baina «oso kezkagarritzat» jo du egoera

Egoeraren larritasuna ikusirik, batzordea astelehenean bilduko da, berriz ere, pandemiaren kontrako neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak adierazi du orain arte ezarritako mugak «oso gogorrak» izan direla, baina nabarmendu du hori dela «kutsatzeak eragozteko biderik onena». Zupiriak azaldu duenez, herritar gehienek «zuhurtziaz» bete dituzte ezarritako neurriak.

Labi batzordeko bilera bat, artxiboko irudi batean. IREKIA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urtarrilaren 8a
15:58
Entzun

Labi batzordeak «oso kezkagarritzat» jo du Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako egoera epidemiologikoa, eta, azaldu duenez, «geldoa baino etengabea» da transmisioaren goranzko joera. Hala eta guztiz ere, oraingoz, batzordeak ez du premiazko ikusi izurritearen kontrako neurri gehiago ezartzea. Pandemiaren bilakaeraren «ziurgabetasuna» nabarmendu du, eta jakinarazi du astelehenean bilduko direla beste behin. Azaldu dutenez, asteburuko datuek dakartena ikusi ondotik hartuko dute erabakia, eta orduan proposatuko dituzte, «behar izanez gero», jarduerak eta joan-etorriak mugatzeko neurri berriak. Izatez, Labi batzordeko koordinatzaile Jonan Fernandezek esan du ezin dela baztertu, esaterako, intzidentzia tasa altuko udalerriak ixteko aukera.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak nabarmendu du abendu erdialdetik aitzina «leunagoa» izan dela kutsatuen kurbaren beherakada. Aitortu du datuak makurragoak izan direla azken egunetan, baina, era berean, azpimarratu du bilakaera azterketa epe luzeagoko datuak harturik egin beharra dagoela.

Eguberrietan jendeak izandako jokabideez, Zupiriak esan du herritar gehienek «zuhurtziaz» bete dituztela ezarritako neurri murriztaileak. Dioenez, muga horiek errespetatzea da «kutsatzeak ekiditeko biderik onena». «Neurri murriztaileak oso gogorrak dira, muga asko ditugu, baina bistan da, ongi kudeatuz gero, egoerari kontra egitea lor dezakegula horrela», adierazi du Jaurlaritzako bozeramaileak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.