Kontsumoa

Argindarraren prezioaren gorabeherak ikertuko dituzte

Egunotan, zenbait ordutan maximo historiko batzuk ezarri dira, eta faktura %20 inguru garestitu da. Hala ere, duela bi urte baino merkeagoa da oraindik.

Pertsona bat sukalde batean. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 8a
16:03
Entzun

Espainiako Gobernuak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari eskatuko dio elektrizitatearen eta gasaren prezioetan hotz bolada honetan izan ari diren gorabeherak ikertzeko.

Handizkako merkatuaren prezioak kontuan hartuta, ostegunean errekor berri bat erregistratu zen, batez beste 94,99 euro Mwh-ko ordainduta, 2013an ezarritako 93,11 euroko maximoaren gainetik. Ostiral honetan ordu batzuetan 110,45 euroraino igo da.

Gasaren kasuan ere markak hausten ari dira: ostegunean, MWh-ko 51,55 euro ordaindu ziren batez beste, eta beste maximo historikoa ezarri zen, 2017ko urtarrilekoa baino %32,5 garestiago.

Eta horrek nola eragiten du kontsumitzaileen fakturetan? Handizkako prezioak % 35eko pisua du erreziboan, gainerakoa sarbide tarifek eta zergek osatzen dute. Hori kontuan hartuta, urteko lehen astean, kontsumitzaile arrunt baten hil amaierako faktura elektrikoa 80,7 eurokoa izango litzateke batez beste; hau da, % 19,3 garestiagoa 2019ko urtarrilekoa baino. Egunotan prezioak asko igo diren arren, duela bi urte baino nabarmen merkeagoa da oraindik. 2019ko apiriletik etengabe egin du behera prezioak, eta 2020ko abendura arte ez zen igo lehen aldiz.

Auzibide bat zabalik

Europako zuzenbideak merkatu elektrikoetan prezioa ezartzeko moduak eragiten ditu handizko merkatuan izaten diren gorabehera horiek. Aldaketa horiek gertatzen dira bereziki eskaera handitzen denean eta energia produkzioa gutxitzen denean (haize gutxi dagoelako, adibidez).

Dena den, ez da beti hala izaten, eta ez da lehen aldia Espainiako Gobernuak ikerketa bat eskatzen duela muturreko hotzaldi batean prezioen igoera bat egon delako. 2013an Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak 25 milioi euroko isun bat jarri zion Iberdrolari, eta konpainia elektrikoak Auzitegi Nazionalera jo zuen. Erabakia behin-behinean indargabetu zuen, baina iazko otsailean auzia berrabiarazi zuen epaileak.

EH Bilduren eskaera Madrilen

Aste honetan argindarraren eta gasaren prezioek izan duten joera ikusita, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen talde parlamentarioak «premiazko neurriak» hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Kontsumo eta Trantsizio Ekologikorako ministroen agerraldiak galdegin ditu, «lehenbailehen azal dezaten nola egingo dioten aurre argindar multinazionalen abusuari» «Erabat onartezina da hotz-bolada betean bizirauteko ezinbestekoak diren ondasunak mugarik gabe garestitzea», salatu du Oskar Matute bozeramaileordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.