Osasuna 0-0 Real Madril

Puntuak bat balio du; jokoak, hiru

Berdinketa ona lortu du Sadarren Jagoba Arrasateren taldeak, defentsako lan ikusgarria eginez. Laugarren berdinketa du segidan. 

jarraia192049.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 9a
23:18
Entzun

Puntuz puntu, lau batu ditu azkeneko lau jardunaldietan Osasunak. Garaipen bat eta berdinketa paren baliokide da uzta hori. Ez da asko, baina bada zerbait. Jaitsieran jarraitu beharko du, zulotik ateratzeko hirunaka batu behar direlako puntuak, baina gaur Real Madrili atera dion aleak asko balio lezake aurrera begira. Asko balio behar dio taldeari. Bide on honetan segitzea baino ez du, eta laster hasiko da partidak irabazten. 

Elurrak baldintzaturiko partida izan da. Aurkariaren izenak eta inguruan duen ikuskizun bereizgarri horrek biderkatua. Jokatuko zela, ez zela. Bidaiatuko zutela Iruñera, ez zutela. Bitartean, Osasunaren baitan, jokalariak eta Jagoba Arrasate partidan erabat sartuta, aurreko lanak ondo eginez. Eta zer esanik ez Sadar zaharrari elurra gainetik kendu dioten langileak. Horiek ez dira azalduko inongo kroniketan, baina jokalariek partidan erakutsi duten jarrerak eta gogoak balio beza langileen lan eskerga ez bazterrean uzteko. Lana erruz eta ondo egin dutelako jokalariek ere. 

Defentsako lana izan da ikusgarria. Nabari da ordu asko daudela ondo sinkronizatutako jokalari multzoak egin duenaren oinarrian. Horri helduta dabil azkenaldian Arrasateren taldea, eta oinarri oso sendoa da zulotik ateratzeko. Atzealdeko lanean oinarritu izanak ez du esan nahi aurrera ez denik joan, ordea. Joan da, eta nola gainera. Gehienbat azkeneko minutuetan. Real Madrilek Sergio Ramos bera ere aurrelari ipinita duenean, defentsako lan onak aukera eman dio etxeko taldeari kontraeraso zitalak ateratzeko. Iritsi ere egin da aurkariaren areara, baina zailena falta izan zaio: azkeneko metroetako zehaztasuna. Azkeneko pasea, azkeneko jaurtiketa. 

Real Madrilekin ez dago fidatzerik, hala ere. Edozein unetan eta edozein jokalditan sartzen du gola, eta Sadarren ere, sartu ditu bi, epaileak baliorik gabe utzitakoak jokoz kanpo zeudelako. Azkenekoa bukaeran izan da, Ramos aurrelari bihurtuak baloia sarera bota duenean. Sustoak susto, baleko golik ez dute sartu espainiarrek Iruñean, eta puntuarekin joan dira. Gutxitxo haientzat; asko Osasunarentzat. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.