Ezbeharra

Aurkitu dituzte itsasora amilduriko Boeing 737 hegazkinaren arrastoak

Indonesiako hegazkinak 62 pertsona zeramatzan, hamar haur tartean; Jakartatik aireratu eta gutxira erori zen atzo.

Bilaketa lanak, gaur Indonesiako kostan. BAGUS INDAHONO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 10a
10:47
Entzun

Zantzuak topatu dituzte uretan, Indonesia inguruko itsasoan, eta erreskate taldeek adierazi dute aurkitu dutela ezbeharraren lekua. Boeing 737 bat amildu zen atzo, Jakartatik aireratu eta gutxira. Barruan 62 bidaiari eta eskifaiakide zeramatzan.

Mendebaldeko Kalimantan eskualdeko Pontianak hirirako bidean abiatu zen hegazkina, atzo arratsaldean, eta, aireratu eta lau minutura, haren arrastoa galdu zuten radarretan. Gaur, haien kutxa beltzen seinaleak atzeman dituzte. Ontzi ugari joan da istripu lekura, eta urpekariak ari dira arrastoen bila. Hegazkinaren zatiak erreskatatu dituzte, baita bidaiarien gorpuzkiak ere.

Giza tragediaz gain, beste kolpe gogor bat da Boeing konpainiarentzat. Abenduan, haren 737 Max hegazkin guztiak lurrean utzi zituzten, azken hilabeteotan bi istripu gertatu eta hainbat pertsona hil ondoren. Hegazkin horrek pilotatzeko sistema berri du, eta diseinu akats bat duelakoan daude ikertzaileak.

Atzo amilduriko hegazkinak 12 eskifaikaide eta 50 bidaiari zeramatzan, tartean hamar haur. Okerragoa izan zitekeen, hegazkinak 130 bidaiari eramateko lekua baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.