Emakume bat hil du Frantziako Poliziako kide batek, tiroz, Baionan

Polizia atxiloaldian sartu dute. Egoera salatzeko elkarretaratze bat eginen dute herritarrek, 18:30ean, Baionako polizia etxearen aitzinean.

Polizia kontrol bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urtarrilaren 11
09:37
Entzun

Baionako Marechal Soult karrikan gertatu da tiroketa, 01:10ean. Frantziako Poliziaren kontrol batetik ihes egiten saiatu da emakumea, eta funtzionario batek tiro egin dio, Baionako Jerome Bourrier prokuradorearen arabera. Emakumeak Poliziaren autoa jo du, «nahitara», kontroletik ihes egiten saiatzeko, eta polizietako bat belaunean zauritu duela baieztatu du Bourrierek. Beste polizia batek tiro egin dio orduan emakumeari, eta Baionako ospitalera eraman dute larrialdietako zerbitzuek, baina iritsi eta ordu batzuetara hil da. Nathalie Flores zuen izena, eta 37 urte zituen.

Bi ikerketa ireki ditu prokuradoreak: bata, «Polizia zerbitzuei ez obeditzeagatik, eta polizia indarren kontrako hilketa saiakeragatik», eta bestea, «autoritate publikoa duen norbaitek egindako hilketagatik», tiroketa nola gertatu den ikertzeko. Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiaren, eta Baionako Poliziaren esku utzi dute bigarren ikerketa. Tiroketa hasi duen Frantziako Poliziako langilea atxiloaldian dago goizetik.

Oldarraldia sortu du albisteak, eta Polizia indarkeria salatzeko elkarretaratze bat antolatu dute herritarrek, 18:30ean, Baionako polizia etxearen aitzinean; «azken urteetan Frantziako Poliziak hamarnaka herritar hil» dituela salatu dute antolatzaileek.

28 hilketa 2020an

Bastamag aldizkariaren arabera, 2020an 28 pertsona hil ditu Frantziako Poliziak. 1977tik 2020ra, hedabide beraren arabera, 746 erail ditu. Iragan urteko urtarrilean, protesta ugari sortu zituen Cedric Chouviaten hilketak Parisen. Kontrol batean erail zuen Frantziako Poliziak, itota.

Alliance eskuineko polizia sindikatuak hitz gogorrak izan ditu hilketaren harira argitaratutako komunikatuan. «Gaitzetsi» egin dute gertatutakoa, eta «sostengu osoa» erakutsi diete aferan inplikatutako bi poliziei. «[Frantziako] Poliziaren aurka oldartzen direnei aplikatzen zaizkien zigorretan zorroztasun handiagoa» ere eskatu dute, «gerora horrelako gertaerarik izan ez dadin».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.