Hilberria

Georges Pernoud hil da, 'Thalassa' telebista saioaren aurkezle zena

73 zituela zendu da, Paris inguruko erietxe batean. Ia berrogei urtez aurkeztu zuen, France3 katean, itsasoari eta hango bizitzari buruzko saioa, 2017ra arte.

Georges Pernoud, ezkerrean, 2015. urtean. PYMOUSS
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 11
14:40
Entzun

«Thalassa-rekin, frantziarrei itsasoarekiko eta hango paisaiekiko zuen maitasuna igorri zigun ia berrogei urtez. Gure belaunaldikook Pernoudi esker ezagutu genuen ingurumena zaindu behar dugu orain». Hitz horiek eskaini dizkio sare sozialetan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Georges Pernoudi, eta ondo laburbiltzen dute telebistako aurkezleak herrialdean zuen irudia nolakoa zen. Telebista aurkezlea 73 urterekin hil da, Paris inguruko erietxe batean.

Pernoudek ia berrogei urtez aurkeztu zuen Thalassa telebista saioa, France3 katean. Saioa berak sortu zuen, 1975. urtean: 1980an hasi zen aurkezten, eta 2017an kendu zuten programaziotik. Itsasoari buruz hitz egiten zuen: hango bizitzari buruz, arrantzaleei buruz, artxipelagoen aurkikuntzaz... baita migratzaileen erreskateez edo hegaluzeen arrantzaz ere.

Azken saioa 2017ko ekainaren 30ean aurkeztu zuen, Saint-Malo herrian, Bretainian. Orduan, France3 kateak omenaldia egin zion: «1975eko irailaren 25etik, Thalassa-ren1.704 saioetan, kalitate handiko txosten eta ikerketak egin ditu itsasoaren eta han bizi direnen inguruan», adierazi zuten kateko arduradunek. 

Pernoud Marokon jaio zen, 1947an. Mendizale amorratua zen, baina 1973an, kameralari zebilela, munduari emandako itzuli batean egin zuen lan, eta orduan piztu zitzaion itsasoarekiko interesa. 1975. urtean,France3ko irudien arduradun bilakatu zen, eta urte hartan bertan sortu zuen ospetsu egin zuen saioa. Lehen hiru urteetan hilabetean behin botatzen zuten, baina, hortik aurrera, asterokoa bilakatu zen.

'Thalassa itsasoa', ETBn

Pernoudek sortutako saioan inspiratutako saio bat bota zuten ETBn ere: 1991ko urtarrilaren eta 1995eko irailaren artean, Thalassa itsasoa izenekoa. Astero ikus zitekeen hura ere. Euskal Herriko itsasoari buruzko erreportaje haiek Kataluniako Rumbo Sur ekoiztetxeak ekoitzi zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.