AEB-ak

Trump: "Politikaren historiako sorgin ehizarik handienaren segida da"

Trumpen jarraitzaileek hainbat protestatara deitu dute Bidenek presidente kargua hartzeko egingo den ekitaldirako, urtarrilaren 20rako. FBIk ohartarazi du milizia armatuak irten daitezkeela kalera.

Kargu hartze ekitaldirako prestaketak hasi dituzte Kapitolioan. SHAWN THEW, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 12a
12:19
Entzun

Demokratek bera kargutik kentzeko prozesua hasiz geroztik, lehen aldiz hitz egin du AEBetako presidente Donald Trumpek, eta ukatu egin du Kapitolioaren aurkako istiluak hasi aurreko hitzaldiak inor asaldatu zuela. «Jendeak uste du esan nuena egokia izan zela», esan du estatuburu errepublikanoak, eta salatu «benetako arazoa» udan George Floyd hil ostean piztutako protestak izan zirela. Dimisioa emango duen galdetuta, berriz, ohartarazi du ez lituzkeela istiluak piztu nahi. «Politikaren historiako sorgin ehizarik handienaren jarraipena da hau. Izugarrizko haserrea eragiten ari da», kritikatu du estatuburuak Mexikoko mugan egindako agerraldian. 

Zabalduz doa datorren asteazkenean gerta daitekeenaren inguruko kezka eta beldurra. Azken orduetan FBIak ohartarazi du Donald Trump presidentearen aldeko jarraitzaileen protestak espero dituztela, eta tartean milizia armatuak ere irten daitezkeela kalera Washingtonen eta beste hainbat hiri handitan. Orotara 50 hiritan deitu dituzte protestak. Horiek hala, larrialdi egoera ezarri du estatuburuak hiriburuan. Neurriak esku hartu ahal izatea ahalbidetuko lioke Segurtasun Nazionalerako Agentziari, hala behar izanez gero. Larrialdi egoera urtarrilaren 24ra arte egongo da indarrean.

Bestalde, joan den asteazkenean Kapitolioan gertatutakoaren ostean, ikerketak zabalik jarraitzen du. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, bi polizia ikerketapean jarri dituzte erasoan izandako jarrera dela medio. Haietako batek selfie-ak atera zituen istiluetan parte hartu zuten hainbat lagunekin eta bestea MAGA Make America Great Again —Egin Amerika Handi Berriz— leloa zuen txano batekin ageri da irudietan.

Trumpen jarraitzaileak Kapitoliora indarrez sartu ziren joan den asteazkenean, eta istiluetan gutxienez bost pertsona hil ziren, tartean buruzagi errepublikanoaren jarraitzaile bat eta polizia bat. Estatuburuak, ordea, mugimendu antifaxistari egotzi dio oldarraldia, eta hala adierazi du Ordezkarien Ganberako errepublikanoen buru Kevin McCarthyri egindako telefono dei batean —Axios atariak zabaldu du informazioa—. Haren arabera, McCarthyk ukatu egin du halakorik, eta MAGAkoak izan direla berretsi du. Bide batez, Joe Biden presidente hautatuarekin harremanetan jarri, eta presidente kargua hartuko duelako ongietorria emateko eskatu dio Trumpi. Izan ere, AEBetan ohikoa da legealdia amaitzear duen buruzagiak Etxe Zurira gonbidatzea presidente berria eta hari ongietorriko harrera egitea, Trumpek, ordea, orain gutxi arte bozen emaitzan onartu ez dituenez, uko egin dio halakorik egiteari, eta iragarri du ez dela izango urtarrilaren 20ko ekitaldian ere.

Bozketa Ordezkarien Ganberan

Gaur arratsaldean eztabaidatu eta bozkatu beharko lukete Kongresuko behe ganberan Konstituzioko 25. zuzenketa baliatzeko eskaria. Prozedura Mike Pence presidenteordeak jarri beharko luke abian, argudiatuta Trumpek «osasun arazoak» dituela eta ez dela gai karguan jarraitzeko.

Demokratek eskaria atzo egin nahi zuten aho batez, eztabaida eta bozketa saihestuz, baina errepublikanoek oztopatu egin zuten ahalegina, eta gaur bozkatuko dute. Haien helburua da 24 orduko epea ematea Penceri estatuburua kargutik kentzeko, eta halakorik ez egitea erabakiko balu, epaiketa politikoarekin aurrera jarraitzea. Impeachment-erako prozedura atzo jarri zuten abian, Trumpen aurkako salaketa aurkeztuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.