Kaleratzeak

Kybseko 103 kaleratzeak «kudeaketa txarrari» egotzi dizkiote sindikatuek

Zuzendaritzak langileekin adostutakoa urratu duela salatu du CCOOk, eta gogoratu du 2019an 2,6 milioiren irabaziak izan zituela enpresak.

Enpresak Ororbian (Nafarroa) duen lantegia. BERRIA
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 12a
13:11
Entzun

CCOO sindikatuak errefusatu egin du Ororbiako (Nafarroa) Kybse enpresan 103 langile kaleratzeko aurkeztutako lan-erregulazio txostena, eta salatu du zuzendaritzak «urratu» egin duela langileei emandako hitza.

Japoniako enpresak autoentzako motelgailuak ekoizten ditu Nafarroako lantegian, eta 900 behargin inguru ditu han. Arrazoi ekonomikoak eta produktiboak eman ditu kaleratzeak gauzatzeko, bere salmentak %60 murriztu direla argudiatuta, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz.

CCOOK onartu du lan jarduna asko murriztu dela, baina azpimarratu du 2019an enpresak 2,6 milioi euroren irabaziak izan zituela, eta zuzendaritzaren «kudeaketa txarrari» egotzi dio oraingo egoera.

Sindikatuak azaldu du langileek etor zitekeena ikusita urratsa egin zutela lan hitzarmen berria negoziatzean, lan eskubide batzuetan murrizketak onartuz; horren truke, gogoratu du enpresak konpromisoa hartu zuela Ororbiako lantegira motelgailuen linea berri bat ekarri eta enplegua bermatzeko. «2019ko irabaziak asmo horretan inberti zezaketen, baina zuzendaritzak ez du bere konpromisoa bete, eta, orain, enplegua suntsitzeaz hitz egiten digute».

Datorren astelehenean egingo dute zuzendaritzaren eta batzordearen arteko lehen bilera lan-erregulazio txostena negoziatzeko. CCOOk espero du kaleratzeak borondatezko irteerekin eta erretiro aurreratuekin ordezkatzea edo lan hitzarmenean jasota dauden beste neurri batzuekin. «Edozein irtenbide traumatikoren aurka egingo dugu, eta kaleratze bakar bat ere egon ez dadin borrokatuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.