Flores hil duen polizia atxiloalditik atera da, kargurik gabe

Haren kontrako ikerketa amaitutzat jo dute, «oraingoz».

Baionako Polizia Exea, atzo. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urtarrilaren 12a
13:53
Entzun

Frantziako Polizia batek Nathalie Flores hil zuen, tiroz, atzo goizaldean. Baionako Marechal Soult etorbidean gertatu zen tiroketa, 01:10ean. Jerome Bourrier prokuradoreak azaldu duenez, Frantziako Poliziaren kontrol batetik ihes egiten saiatu zen emakumea, autoz, eta funtzionarioen ibilgailua jo zuen. Polizietako bat belaunean zauritu zuen, eta beste batek tiro egin zion orduan emakumeari. Larrialdietako zerbitzuek Baionako ospitalera eraman zuten, baina emakumea ospitalera iritsi eta ordu batzuetara hil zen.

Tiro egin zuen polizia atxiloaldian sartu zuten atzo goizean, eta atzo arratsean luzatu egin zioten atxiloaldia. Arratsalde honetan, ordea, libre utzi dute. Baionako Jerome Bourrier prokuradoreak baieztatu du, ikerketaren lehen frogen arabera, «arma molde proportzionatu eta zilegian» erabili zuela poliziak. Hala, kargurik gabe libre utzi dute funtzionarioa. Halere, instrukzio epaile baten esku utziko du ikerketa prokuradoreak, «froga ezberdinak» alderatu ahal izateko.

Izan ere, hilketaren harira, bi ikerketa zabaldu zituen Baionako prokuradoreak. Bata, «Polizia zerbitzuei ez obeditzeagatik, eta polizia indarren kontrako hilketa saiakeragatik», eta bestea, «autoritate publikoa duen norbaitek egindako hilketagatik», tiroketa nola gertatu zen ikertzeko. Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiaren eta Baionako Poliziaren esku utzi zuten bigarren ikerketa. Zehaztekoa da Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusia, Frantziako barne ministerioaren baitako erakundea dela.

Bestalde, Jerome Bourrier prokuradoreak, esan du Floresen senideak harremanetan jarri dituela Ipar Euskal Herriko biktimen laguntzarako elkartearekin (ACJPB).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.