AEB-ak

Kongresuak hala eskatu arren, Pencek ez du Trump kargugabetuko

Aldeko 223 botorekin onartu du AEBetako Ordezkarien Ganberak Penceri eskaera egitea. Presidenteordeak uko egin dio Trump kargugabetzeari, egoera «are gehiago sutuko» lukeela argudiatuta.

Nancy Pelosi, Ordezkarien Ganberako presidentea. SHAWN THEW / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urtarrilaren 13a
08:44
Entzun

AEBetako Kongresuak Donald Trump presidente kargutik kentzeko prozesua hasteko eskatu dio, formalki, Mike Pence presidenteordeari, gehiengo demokratak onartutako ebazpen baten bidez. Bozketaren aurretik, ordea, Pencek adierazi du ez duela halakorik egingo: «Ez dut uste ekinbide hori onena denik gure nazioarentzat, ez eta oinarri konstituzionalik duenik ere». Presidenteordearen esanetan, erabaki horrek «aurrekari ikaragarri bat» ezarriko luke. Hala, impeachment prozesuarekin jarraituko dute demokratek.

Ordezkarien Ganberan egitear zen bozketaren aurretik presidenteordeak bere ikuspegia argi adierazi badie ere, demokratek aurrera jarraitu dute, eta ofizial egin AEBetako Konstituzioko 25. eranskina martxan jartzeko eskaera. Hala, 223 ordezkarik egin dute Trump kargugabetzeko eskaeraren alde, eta 205ek kontra. Adam Kinzinger izan da demokratekin bat egin duen ordezkari errepublikano bakarra. Ebazpenak Penceri eskatzen dio adierazteko Trump ez dela gai «bere karguak eskatzen dizkion beharrei aurre egiteko», argudiatuta «osasun arazoak» dituela. Hala, demokratek presidenteordeari exijitzen diote hark har dezan presidente kargua behin-behinean.  

Bozketa, baina, tramite huts bilakatu da, ezin baitu Pence behartu prozesua abiatzera, eta presidenteordeak aurrez adierazi zion Kongresuko presidente Nancy Pelosiri ez zuela halakorik egingo, egungo egoera «are gehiago sutuko eta banatuko luketen ekintzak» eragozteko: «Aurreko astean ez nien men egin nire autoritate konstituzionaletik kanpo aritzeko presioei, bozen emaitzetan eragiteko, eta orain ez dut etsiko Ordezkarien Ganberaren aurrean, egoera hain serioaren aurrean joko politikoetan aritzeko».

Hitz horiekin, Kongresuari ez ezik, Trumpi ere bidali dio mezu bat Pencek. Hura izan baitzen aurreko astean Joe Bidenen garaipenaren baieztapenaren aurka egiteko eskatu ziona. The New York Times egunkariak argitaratu duenez, «abertzale baten gisa pasatu zaitezke historiara», adierazi zion presidenteak haren bigarrenari.

Ebazpena onartuta, 24 orduko epea emango diote Penceri iritzia aldatzeko, eta, hala egin ezean, Trumpen aurkako impeachment  prozesuarekin jarraituko dute, bigarren aldiz urtebetean. Demokratek «matxinada bultzatzea» egozten diote, Kapitolioan gertatutakoaren ostean, eta, Adam Kizingerren babesaz gain, Liz Cheney, John Katko eta Fred Upton errepublikanoena ere izango lukete. Aurrera jarraituz gero, jada Biden presidente karguan dela gauzatuko litzateke. Helburua, beraz, ez litzateke Trump kargutik kentzea, hura berriz aurkezteko aukera eragoztea baizik.

«Zero» aukera

Azken egunetako isilunearen ostean, Trump berriz agertu da mikrofonoen aurrean, eta Kapitoliora joateko egin zuen deia «guztiz aproposa» izan zela adierazi du. AEBen eta Mexikoren artean eraikitzen ari diren hesia bisitatzen ari da presidentea, Texasen, eta Pencek haren aurka egiteko aukerak «zero» direla uste du: «25. eranskinak ez du arriskurik niretzat, baina Joe Bidenek eta haren administrazioak ordainduko dute». Bere aurkako bigarren impeachment prozesua, berriz, «sorgin ehizatzat» jo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.