Abenduaren 26tik %40 handitu da intzidentzia tasa Hego Euskal Herrian

Atzo 930 positibo atzeman ziren: Araban 114, Bizkaian 370, Gipuzkoan 237 eta Nafarroan 195. Urtarrilaren 4tik 10era bitartean 42 herritar zendu dira.

Osasunbideko langileak, Erriberrin, antigeno probak egiten, hilaren 7an. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2021eko urtarrilaren 13a
12:48
Entzun

Eguberrien eragina jada hasi da antzematen intzidentzia tasan. Hego Euskal Herrian abenduaren 26tik atzo arte %40 handitu zen. Oraintxe, lau lurraldeak 100.000 biztanleko 250eko langatik gora daude. Zehazki, aurreko hamalau egunetan batez beste 333 kasu daude Hegoaldean. Nafarroak du intzidentziarik apalena, baina foru erkidegoan ere goranzko joera argia da, azken hilabetean %40 handitu baita intzidentzia, 177 kasutik 295era bitartean. Nafarroako Gobernuak ohartarazi du tasa hori jada «arrisku handikoa» dela, 250ko langa gainditu duelako.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 930 positibo atzeman ziren, aurreko egunean baino 49 gutxiago. Dena den, egun arteko diferentziez harago, joera goranzkoa da. Araban, 114 kasu atzeman ziren atzo, 22 gehiago; Bizkaian 370, 122 gutxiago; Gipuzkoan 237, 18 gehiago eta Nafarroan 195, aurreko egunean baino 33 gehiago. Orotara, 17.185 PCR eta antigeno proba egin ziren, eta %5,2 eman zuen positibo.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo 50 pertsona ospitaleratu ziren Osakidetzako ospitaleetan eta ZIUko oheetan 78 paziente daude COVID-19agatik eri. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren buletin epidemiologikoaren arabera, urtarrilaren 4tik 10era bitartean 52 herritar ospitaleratu dira eta ZIUko oheetan aste horretan sei lagun sartu dira. 

Bai Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, urtarrilaren 4tik 10era bitartean, 42 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz.

Intzidentzia handitu denez, Nafarroako Gobernuak tabernetako ordutegia 21:00etara aurreratzea erabaki du, besteak beste. Marian Nuin INSL Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututuko zuzendariaren arabera, birusaren transmisioa «handia eta goranzkoa» da, eta oraingoz ospitaleetan hirugarren olatuak eragin handirik izan ez badu ere, gogorarazi du bizpahiru asteren buruan nabarituko dela oraingo joera. Negu giroak birusaren trasmisioa errazten du, baina Eguberrietan kontaktuak handitu egin dira. Horregatik aholkatu du ahalik eta gutxien elkartzeko nor bere etxean bizi ez direnekin, eta elkartzekotan kanpoan edo aireztapen handiko tokietan elkartzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.