Ia ehun pertsona kutsatu dira Zamudioko zahar etxean

Muskizko (Bizkaia) eta Erroko (Nafarroa) zahar etxeetan ere agerraldiak atzeman dituzte.

Adineko pertsona bat eta langile bat egoitza batean, artxiboko irudi batean. JON URBE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 13a
14:03
Entzun

Zamudioko Truiondo zahar etxean COVID-19aren agerraldi bat izan da, eta ia ehun pertsona kutsatu dira. 67 egoiliarrek eta 31 langilek eman dute positibo. Lehen positiboak urtarrilaren 2an atzeman zituzten, baina, egunek aurrera egin ahala, agerraldia handituz joan da. Atzo baheketa bat egin zuten, eta positibo gehiago zenbatu zituzten. Denera, 98 izan dira positibo eman dutenak. Bizkaiko Aldundiak ez du oraindik zahar etxeko egoiliarren eta langileen osasun egoeraren berri eman. Uztail bukaeran ere beste agerraldi bat egon zen zahar etxe horretan, eta, orduko hartan, 30 positibo atzeman zituzten.

Bestelako agerraldiak ere egon dira Euskal Herriko hainbat zahar etxetan. Muskizko (Bizkaia) Marcelo Gangoiti zahar etxean ere agerraldi bat egon da: ia egoiliar guztiak kutsatu dira, 103 erabiltzaileetatik 93 kutsatu dira, bai eta beste 22 osasun langile ere. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du «irtenbideak» bilatu behar direla, eta ez errudunak. Gertatutakoaz ikasi eta prebentzioan «erlaxatu gabe» lanean segitu beharra erakutsi du Muskizkoak, haren esanetan. EH Bilduk Aldundiari eskatu dio adinekoen egoitza horretan esku hartu dezala, nahiz eta zentro horren kudeaketa pribatua izan. Koalizioak proposamena aurkeztuko du Bizkaiko Batzar Nagusietan gaiaren inguruan.

Nafarroan, Erroko Ibañeta zahar etxean ere agerraldi bat atzeman dute. Hemeretzi lagun kutsatu dira, eta horietatik hamazazpi egoiliarrak dira. Txertoaren lehen dosia jasota zeuden egoiliar guztiak. Urtarrilaren 5ean jaso zuten Ibañeta egoitzako egoiliar eta langileek txertoaren lehen dosia, baina bigarrena heldu aurretik iritsi da agerraldia. Gehienak asintomatikoak dira, baina bost ospitaleratu behar izan dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.