Bengoak hiru edo lau asteko itxialdia eskatu du

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak uste du Erresuma Batuko aldaera «gutxiesten» ari direla, eta txertaketa azkartzeko eskatu du.

Rafael Bengoa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 14a
11:59
Entzun

«Egoera kontatzen dutena baino dezente larriagoa da». Hori iruditzen zaio Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiari, Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez. Haren irudiko, Erresuma Batuko aldaera «gutxiesten» ari dira, eta konponbide bat proposatu du: hiru edo lau astean etxean ixteko eskatu du.

Orain arteko erabakiei erreferentzia eginez, nabarmendu du «antzeko neurriekin» jarraitzea erabaki dutela, «gogorrago esku hartu beharrean». Izan ere, «erdizkako kontrolarekin» segituko dutela iruditzen zaio, «bigarren olatuan egin bezala». Baina ohartarazpen bat egin du: hirugarren olatuan, Erresuma Batuko aldaera ere egon daiteke, «eta egongo ez balitz ere, zenbakiak oso altuak dira».

Horri aurre egiteko, konponbidea izan daitekeena ere proposatu du Bengoak: berriz ere etxean konfinatzea. Uste du Espainiako Gobernua ez dela ari horretan pentsatzen, baina autonomia erkidegoei aukera hori ematearen alde egin du Bengoak: «Gutxienez, arautegi bat prestatzen egon beharko luke, eskatzen duten autonomia erkidegoen neurri hori [konfinamendua] hartzeko aukera izan dezaten».

Txertoaz ere aritu da Bengoa. «Beharrezkoak da posible diren baliabide guztiak erabiltzea», azpimarratu du. Uste du txertaketa azkartu beharra dagoela, «birusari mutatzeko denborarik ez emateko». Horretarako, esaterako, kiroldegietan txertatzea proposatu du, baita giza baliabideetan «eginahalak egitea» ere, «uda erdi normala izan dezagun».

Ekonomia buruan

«Ekonomiari gehiago eragingo dio hilabete askoan ahalik eta gutxiena egiten saiatzen jarraitzen badute», ohartarazi du Bengoak. Aldiz, eragin txikiagoa izango duela iruditzen zaio konfinamendu «laburra eta gogorra» egiteak, «gero argia ikusteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.