Labar artea

Inoizko labar arte figuratiborik zaharrena aurkitu dute Indonesian

Duela 45.500 urteko sus cebifrons edo urde garatxodun baten marrazkia aurkitu dute Sulawesi uharteko leize-zulo batean.

2021eko urtarrilaren 14a
12:59
Entzun

Indonesiako eta Australiako arkeologo talde batek duela 45.500 urteko urde baten marrazkia aurkitu du Indonesiako Sulawesi uharteko leize-zulo batean. ScienceAdvances aldizkarian Adam Brumm arkeologoetako batek azaldu duenez, inoizko labar arte figuratiborik zaharrena izan daiteke. Orain arte ezagutzen zen labar arte figuratiborik zaharrena duela 43.900 urteko ehiza eszena abstraktu bat zen, 2020an uharte berean arkeologo talde berak aurkitutakoa.

Arkenas Indonesiako Ikerkuntza Arkeologikoko eta Australiako Griffith Unibertsitateko arkeologoek egin dute ikerkuntza. Txerrien familiako sus cebrifrons bat da margotuta aurkitu dutena, txerri garatxodun ere esaten zaiona. Sus cebifrons txerria Bisayak uharteetako espezie bat da, eta, gaur egun, galtzeko zorian dago. Leize-zuloko marrazkikoa gandor gorri batekin ageri da, eta begien aurrean bi garatxo dauzka, urde horren helduaroaren ezaugarri bat.

«Beste bi urde garatxodunen arteko borroka bat edo hartu-eman bat ikusten ari dela dirudi», zehaztu du Brummek. Espezie horretako txerriak milaka urtetan margotu dituzte gizakiek inguru horietan, batik bat Izotz Aroan. Leize-zulo berean duela 32.000 urteko antzeko beste margolan batzuk aurkitu dituzte. Adituen arabera, margolan horiek guztiek frogatzen dute gizakiek Asia eta Australia-Ginea Berri arteko uharteak duela 65.000 urte zeharkatu zituztela.

Leang Tedongnge leize-zuloko hormetako batean aurkitu dute margolan hori. Hango biztanleen arabera, soilik eurak sartu dira orain arte leize-zulo horretan. Arkeologo taldea 2017an hasi zen han indusketak egiten. Kareharri haitzek osatzen dute Sulawesi uhartea, eta leize-zulo hori amildegien artean dagoen ibar batean dago; urtaro lehorrean soilik ailega daitezke kobazulora, euri urtaroan hara iristeko bidea urak hartzen baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.