Indonesia

Gutxienez 35 pertsona hil eta 600 zauritu dira Indonesian izandako lurrikara batean

Sulawesi uhartean izan da seismoa, eta larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute dozenaka lagun daudela eroritako etxeen hondakinen artean harrapatuta.

Erreskate taldeak jendea hondakinen artetik ateratzeko lanetan, Mamuju hirian. STR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 15a
11:14
Entzun

Indonesiako Sulawesi uhartean 6,2 graduko lurrikara izan da goizaldean. Epizentroa Majene hiritik 6,2 kilometrora izan du lurrikarak, eta hamar kilometroko sakoneran. Gutxienez, 35 pertsona hil eta 600 gora zauritu ditu seismoak, baita dozenaka etxe suntsitu ere. Larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute litekeena dela biktima kopurua handiagoa izatea datozen orduetan, hondakinen artean harrapatuta geratu direlako dozenaka herritar. 15.000 desplazatu ere eragin ditu lurrikarak, eta agintariek tsunami arriskuaz ohartarazi dute.

Majene iparraldeko ospitalea izan da erori den eraikinetako bat. Mediku eta gaixo talde bat barruan harrapatuta geratu dira. Larrialdietarako taldeak haiek ateratzeko lanetan ari dira. Etxebizitzak eta erietxea ez ezik, hotela eta gobernuaren egoitza ere kaltetuta geratu dira, baita errepide eta zubi ugari ere.

 

 

Lehen lurrikarak tsunamirik eragin ez duen arren, adituek ohartarazi dute haren erreplikek eragin ditzaketela olatu erraldoiak, eta eskatu diete herritarrei kostaldetik urruntzeko. Meteorologia, Klimatologia eta Geofisika agentziako Dwikorita Karnawatik nabarmendu du tsunamia gertatzen bada oso azkarra izan daitekeela, eta arriskutsua, berriz, hura ikusi zain geratzea.

Lehen seismoaren ostean, hasi dira erreplikak. Azkena Richter eskalako 5,9 gradukoa izan da.

Ez da lehen aldia Indonesiak halako lurrikara bati aurre egin behar diola. Ozeano Bareko suaren eraztunean kokatua egonik maiz gertatzen dira seismoak herrialdean. Duela bi urte 400 hildako eta milaka desagertu utzi zituzten 7,5 graduko lurrikara batek eta hark eragindako tsunamiak. Sulawesi uhartean izan zen hura ere, baina Palu hirian. Herritarrek hilabeteak behar izan zituzten eraikin hondatuak berreraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.