Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du terrazetan erretzeko debekua

Nafarroako Justizia Auzitegiak ohar batean esan du foru gobernuak emandako justifikazioa ez dela «nahikoa» ostalaritzako terrazetan erretzea debekatzeko. Gainerako neurri murriztaileak berretsi egin ditu.

Jendea Iruñeko Gaztelu plazako terrazetan. IñIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 15a
12:09
Entzun

Koronabirusari aurre egiteko neurriak gogortu zituen asteazkenean Nafarroako Gobernuak, eta horietako bat izan zen debekatzea terrazetan edota tabernek kanpoan dituzten barriketan erretzea. Gaur, Nafarroako Justizia Auzitegiak atzera bota du debeku hori, gobernuak emandako arrazoiak «nahikoak» ez direlakoan. Auzitegiak ohar batean esan du Nafarroako Gobernuak ez duela debekua justifikatzeko txosten espezifikorik aurkeztu eta, beraz, ezin duela berretsi erabaki hori. «Justifikazio hori ez da nahikoa osasun publikoaren ikuspegitik beharrezko neurria den ala ez ikusi ahal izateko; izan ere, ez da ad hoc txostenik aurkeztu sala honek neurri horren beharra eta proportzionaltasuna baloratu ahal izateko, soilik bilakaera epidemiologikoari buruzko datuak».

Nafarroako Gobernuak hartutako gainerako erabaki murriztaileak ontzat jo ditu, ostalaritza eremuetan erretzeari dagokiona salbu. Auzitegiaren ustetan, herritarren «oinarrizko eskubideak gehiago mugatzea» dakar neurri horrek, eta, beraz, ez da osasun neurrien luzapen bat, horien «benetako aldaketa baizik».  Gainera, gogoratu du badaudela erretzeko debekua ezartzeko bestelako neurriak indarrean, bi metroko segurtasun distantzia bermatu ezin bada erretzea debekatuta dagoelako.

Erabakiaren aurkako errekurtsoa jar daiteke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.