Enplegua

Mendiak aldaketak iragarri ditu Lanbideren egituran

«Zerbitzu eraginkorrago» bat emateko, hainbat neurri jarriko dituzte martxan aurten. Egungo ‰4ko Kontratazio bolumena handitzeko helburua jarri du.

Lanbidek Gasteizen duen bulego bat. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 15a
13:49
Entzun

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak ostiral honetan adierazi duenez, Lanbide eraldatzeko prozesuari ekingo diote laster, zerbitzu «eraginkor» bat lortzeko eta herritarrek ez dezaten soilik ikus «laguntza sozialen tramitatzaile gisa».

Mendiak gogoratu duenez, gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 129.240 pertsona daude langabezian, eta beste 53.000k adierazi dute lana badaukaten arren beste bat nahiko luketela. Azpimarratu du Lanbideren helburua dela behar horiei ere erantzun «eraginkorra» ematea. Lanbidek egun duen kontratazio bolumena (%4) handitzeko xedea azaldu du sailburuak.

Abian jarritako eraldaketa prozesuari buruz, azpimarratu du horrek aldaketak ekarriko dituela zerbitzuaren egituran eta funtzionamendu osoan, eta horiek berehala gauzatzen hasiko direla. Zehazki, koordinazio eta komunikazio unitate bat jarriko dute martxan, zuzendaritzen erabakiei koherentzia emateko. Horrez gain, zuzendariordetza berri bat sortuko dute, diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta gizarteratzearekin zerikusia duen guztiari erantzuteko.

Era berean, Lanbideko bulego bakoitzaren lan kargak aztertuko dituzte, «oreka eta dimentsionamendua lortzeko» eta zerbitzuko langileen prestakuntza eta espezializazio beharrak ezagutzeko.

Horrez gain, urte honetan honako ardatz hauetan lan egingo dute, besteak beste: antolaketan; orientazio ereduetan, integralagoa izan dadin; enplegu programetan, lurraldeko ehun ekonomikora lotuagoak egon daitezen; ekintzailetzan; eta prestazioen kudeaketan eta gizarte zerbitzuen arteko lankidetzan

Mendiak jakinarazi du prozesu osoa 2022an amaituko dela, Enpleguaren Euskal Legea legebiltzarrera eramatean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.