Herbehereetako Gobernuak dimisioa aurkeztu du

Seme-alabengatik jasotako diru laguntzen eskandaluaren ondorio izan da. Martxoaren 17ra arte jardungo da jardunean gobernua. 

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa, gaur goizeko Ministroen Kontseilura heltzean. BART MAAT/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 15a
14:18
Entzun

Seme-alabengatik jasotako diru laguntzetan egindako iruzurrak eztanda egin dio Herbehereetako Gobernuari: dimisioa eman berri du Mark Rutteren gobernuak. Lehen ministroak gidatzen duen koalizio gobernuko lau alderditik hiruk dute zerikusia eskandaluarekin, eta lehen ministroa boterea mantentzearen aldekoa bazen ere, beste alderdien erabakia gailendu da. Martxoaren 17an dira berriro hauteskundeak herrialdean, eta ordura arte jardunean jardungo da Rutteren gobernua.

Herbehereetako egoera politikoa gori-gorian egon da joan den hilabetean, iazko abenduan diputatuen batzorde batek kaleratutako txosten batek gobernuak 20.000 familiari «iruzur» egin ziela salatu eta gero. Bertan azaldu«akatsak» argudiatuta seme-alabengatik jasotako diru laguntzak bueltarazi zizkiola familiei, eta asko eta asko egoera ekonomiko eskasean utzi. Gobernuaren egoerak okerrera egin zuen atzo, Lodewijk Asscher Alderdi Laboristako buruak dimisioa eman eta gero. Izan ere, gaur egun oposizioko kide bazen ere, Asscher lehen ministrorde eta Gizarte Gaietako eta Enpleguko ministro izan zen 2012tik 2017ra bitarte, «iruzurrak» gertatu zirenean, hain zuzen ere.

Asteartean bildu zen Ministroen Ezohiko Kontseilua Herbehereetan, eta orduan erabaki zuten dimisiorik ez ematea. Ruttek gobernua mantendu nahi zuen, «koronabirusari aurre egiteko». Baina bere gobernu koalizioko beste alderdien esku zegoen erabakia, eta beraietako zenbaitek esana zuten jada eskandaluak «ondorio politikoak» izan behar zituela, D66 alderdiko  Sigrid Kaagek, kasurako.

Hain zuzen ere, horixe izan da gobernuak gaur hartu duen erabakia. Mark Rutteren hirugarren agintaldia dimisioarekin bukatuko da, beraz. Dena den, martxoaren 17ko hauteskundeak arte egongo da agintean jarduneko gobernua.

Gobernuak dimisioa aurkeztea erabaki izan ez balu, zentsura mozioa aurkeztea zuen asmo oposizioko GroenLinks alderdiak, urtarrilaren 19rako.  Alderdi Sozialistaren eta eskuin muturreko Askatasunerako Alderdiaren babesa zuen eskaerak, parlamentuko 150 eserlekuetatik 44rena: baina beste alderdietako diputatuen baiezkoa izatea aurreikusten zuten, oposiziokoak zein gobernukideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.