Donostiako Liburutegiari Txillardegi izena jartzeko eskaera berretsi dute

Bihar omenaldi bat egingo diote idazle eta linguistari, bere heriotzaren bederatzigarren urteurrenean.

Txillardegi Liburutegia ekimenak jarritako afixa, hiriko liburutegiaren sarreran. BERRIA
2021eko urtarrilaren 15a
18:43
Entzun

Bederatzi urte bete ziren atzo Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zenetik. Urteurrenarekin batera, Donostiako Udal Liburutegiari idazle eta linguistaren izena jartzeko eskaera berritu du Txillardegi Liburutegia herri ekimenak. Hala, liburutegiaren sarreran, Txillardegi Udal Liburutegia zioen afixa itsatsi zuten atzo, baina Udalak kendu egin du. 

Herri ekimenaren eskaera ez da berria. Lehen aldiz, 2014an erregistratu zuten, hamazazpi idazle donostiarren sinadurekin. Horien artean ziren Harkaitz Cano, Fito Rodriguez, Beñat Sarasola, Arantxa Urretabizkaia eta Iban Zaldua, besteak beste. Idatzi hartan, sinatzaileek adierazi zuten Txillardegik, «gure hizkuntzari eta gure hiriari hainbeste eman dion idazleak», bere lekua izan beharko lukeela hirian. Eskaera hartara batu ziren, 2017an, unibertsitate, kultura, politika eta euskara alorretako 200 lagun ere; tartean, Lorea Agirre Jakineko Zuzendaria, Sagrario Aleman euskaltzaina, Maddalen Iriarte legebiltzarkidea eta Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko kidea.

Donostiako Udalak, ordea, uko egin dio eskaera onartzeari, Enparantza ETAren sortzaileetako bat izan zela argudiatuta. EH Bildu agintean zela, 2013an, Donostia Kultura erakundeko administrazio kontseilura iritsi zen gaia, baina oposizioaren (EAJ, PSE eta PP) botoek izendapena galarazi zuten.

Heriotzaren bederatzigarren urteurrena dela eta, omenaldi bat egingo diote bihar, Antigua auzoan, Gaskuña plazan. Ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, Janitz Enparantza txistulariak eta Sua Enparantza eta Natale Bueno dantzariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.