Zubietako erraustegia

Instituzioen «mespretxua» salatzeko mobilizatzera deitu du GuraSOSek, urtarrilaren 23an

Giza kate bat egingo dute Donostian, Osasuna, ingurumena, justizia lelopean. 

GuraSOSek deitutako mobilizazioetako bat, Donostian. JON URBE / FOKU
2021eko urtarrilaren 15a
19:21
Entzun

«Instituzioek segurtasunarekiko, osasunarekiko eta ingurumenarekiko duten mespretxua» salatzeko asmoz, urtarrilaren 23an mobilizatzeko deia egin du GuraSOSek, Osasun, ingurumena, justizia lelopean. Hala, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza eta Kalkutako Teresa plaza elkartuko dituen giza kate bat egingo dute, Donostian, eguerdiko 12:00etan. Plataformak, administrazioei bakarrik ez, auzitegiei ere bidali die mezua, «dagokion legezkotasun kontrola» egin dezatela eskatzeko. 

GuraSOSek salatu du azken egunetan hainbat sute gertatu direla Zubietako erraustegian, eta erakunde publikoak horiek ezkutatzen saiatu direla. Horrez gain, GHK Gipuzkoako hondakinen kudeaketaz arduratzen den erakundeak herritarren salaketen aurka lege ekimenak abiarazteko ohartarazpena ere gaitzetsi dute. Plataformaren aburuz, erakunde publikoak esanikoak «onartezinak» dira, «ingurumenaren defentsarako nazioarteko eskubide askatasunaren» aurkakoak.

Giza katean parte hartzen dutenek maskara gorri bana jasoko dute, «kutsadurak eragindako arriskuaren ikur gisa». COVID-19ak eragindako egoera medio, eta «pilaketak saihesteko», partaide batetik bestera hiru metroko distantzia mantendu beharko da (bizikidetza unitate berdineko kideen artean izan ezik), eta ekimenaren azken ekitaldia zuzeneko emisio baten bidez emango dute (gurasos.org webgunean). Hala, bertaratzen direnek giza katearen euren lekutik jarraitu ahal izango dute. 

Bide beretik, ekitaldian parte hartuko duten kideak lau zatitan banatuko dituzte: Andia plazatik Gipuzkoa pazarako tartean, Urola Kostako eta Debabarrenako herritarrak; Gipuzkoa plazatik Askatasunaren hiribideko 5. zenbakira bitartean, Debagoiena, Goierri eta Tolosaldekoak; handik Santa Katalina zubira arte Donostialdeko herritarrek osatuko dute katea; eta Kalkuta plazara geratzen den bidea, berriz, Oarsoaldeko, Bidasoako eta Buruntzaldeko parte hartzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.