Palestina

Abbasek Palestinako presidentetzarako eta parlamenturako bozak iragarri ditu

Lehenengo hauteskundeak lirateke hamabost urtean. Dekretuaren arabera, maiatzaren 22an egingo dira parlamenturako bozak eta uztailaren 31n presidentetzarakoak. Hamasek erabakia ospatu du.

Hana Naser Palestinako Hauteskunde Batzordeko Burua eta Mahmud Abbas Palestinako presidentea, gaur, Ramallahn. THAER GHANAIM, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 15a
21:44
Entzun

Palestinak parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeak egingo ditu aurten, Mahmud Abbas Palestinako presidenteak iragarri duenez. Haren esanetan, «aberriko hiri guztietan» egingo dira bozak, Gazari, Zisjordaniari eta Ekialdeko Jerusalemi erreferentzia eginez.

Ez dago argi Ekialdeko Jerusalemen nola antolatuko duten bozketa, Israelek Palestinako Aginte Nazionalaren jardun oro debekatu baitu hirian, Israelen «hiriburu zatiezintzat» jotzen duela eta.

Abbasek azaldu duenez, legebiltzarrerako bozetara maiatzaren 22rako deituko dute, eta presidentea aukeratzeko hauteskundeetara uztailaren 31rako. Lehenengo bozak lirateke hamabost urtean. Palestinan, 2006koak izan ziren azken hauteskundeak. Orduan, Hamas gailendu zitzaion Al-Fatah-ri. Bozen ostean, urtebete baino gehiago iraun zuten bi taldeen arteko enfrentamenduek. 2007ko istiluez geroztik, Al-Fatahk du Zisjordaniaren gaineko kontrola, eta Hamasek Gazarena. Urte berean, oraindik indarrean dagoen blokeoa ezarri zion Israelek Gazari.

Azken urteetan hainbat saiakera egin dituzte zatiketa gainditzeko, baina ez dute fruiturik eman, orain arte. Iazko irailean, bozetara deitzeko konpromisoa hartu zuten bi taldeek. Sei hilabeteko epea ezarri zuten horretarako.

Al-Fatahk eta Hamasek azken urteetan zatiketa gainditzeko ahaleginak egin dituzten arren, ezin ulertua gainditzea are beharrezkoagoa egin zaie azken hilabeteetako gertakarien harira. «Elkarlan nazionala» lortzea oinarrizko baldintza dute erantzuna eman ahal izateko AEBen Ekialde Hurbilerako bake planari, Israelen Zisjordaniarako anexio planari eta Israelek hainbat herrialde arabiarrekin harremanak normalizatzeko sinatu dituen itunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.