Zinema

‘Ane’ euskarazko filma, lan onenaren Goya sarirako hautagai

Film, zuzendaritza eta emakumezko aktore protagonista onenaren sarietarako izendatu dute David Perez Sañudo zinemagile bilbotarraren lana, besteak beste. Pablo Agueroren 'Akelarre'-k, berriz, bederatzi izendapen eskuratu ditu. Espainiako Zinema Akademiak martxoaren 6an egingo du sari emate ekitaldia.

Patricia Lopez Arnaiz aktorea,' filmaren eszena batean. BERRIA
Ainhoa Sarasola.
2021eko urtarrilaren 18a
12:59
Entzun

Espainiako Zinema Akademiak Goya sarietarako aurtengo hautagaiak jakinarazi ditu. Hainbat euskal ekoizpen, zinemagile eta aktore daude izendatuen artean. Horietatik, Pablo Aguero zinemagile argentinarrak zuzendutako Akelarre filma izan da hautagaitza gehien eskuratu dituen lana. Sorgin ehizari buruzko filmak bederatzi izendapen jaso ditu, tartean, emakumezko aktore protagonistarik onenaren kategoriakoa —Amaia Aberasturi— . Horiekin batera, argazki zuzendaritzaren, zuzendaritza artistikoaren, produkzio zuzendaritzaren, jantziteriaren, makillaje eta ile apaintzearen, efektu berezien, soinuaren eta jatorrizko musikaren ataletan ere izendatu dute.

1609. urtean dago girotua filmak kontatzen duen istorioa, euskal kostaldeko herri batean. Neska gazteen talde bat eguneroko lanak egiten dabil, berriketa eta txantxa artean. Ezustean, soldaduak azalduko dira, eta, modu bortitzean, atxilo eramango dituzte. Inkisizioaren epaile batekin agertu dira herrian, eta sorginkeria leporatuko diete andreei. Euskal Herrian grabatu zuen filma Aguerok, eta euskaraz eta gazteleraz mintzo dira pertsonaiak. Hiru euskal ekoiztetxeren, eta Argentina, Bretainia eta Parisko beste batzuen koprodukzioa da. Donostiako 68. Zinemaldian Sail Ofizialeko lehian izan zen filma, iaz.

Ane euskarazko filmak, berriz, bost izendapen eskuratu ditu, tartean, film onenaren sariaren kategoriakoa. Horrez gain, zuzendari berri onenaren —David Perez Sañudo—, emakumezko aktore protagonistarik onenaren —Patricia Lopez Arnaiz—, emakumezko aktore berri onenaren —Jone Laspiur— eta egokitutako gidoirik onenaren —Perez Sañudo eta Marina Pares— sarietarako ere izendatu dute.

Zuzendari bilbotarraren lehen lan luzea da Ane, eta desagertutako alaba baten bilaketa kontatzen du. Egun batez, Ane ez da etxera agertuko, eta haren bila abiatuko da ama. Abiadura handiko treneko lanak zaintzen egiten du lan amak, eta, desagerpenaren harira, ezezagun zitzaion alabaren aktibismoa ezagutuko du. Hain zuzen, familia barruko komunikazioari eta komunikazio faltari buruzkoa ere bada filma. Akelarre bezala, Donostiako 68. Zinemaldian estreinatu zuten lana, iaz, baina, kasu honetan, Zuzendari Berriak sailean, eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zuen.

Beste euskal zinemagile bat ere bada izendatuen artean: Juanma Bajo Ulloa zuzendari gasteiztarrak zuzendaritzarik onenaren sarirako hautagaitza eskuratu du, Baby filmari esker. Film beraren jatorrizko musikagatik, Bingen Mendizabalek ere lortu du izendapena kategoria horretan.

Halaber, Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces lanak ere lortu du izendapena, dokumental labur onenaren kategorian. 

Martxoaren 6an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Malagan (Espainia), «ezerk eragozten ez badu» eta modu «mugatu eta arduratsuan», Mariano Barroso Espainiako Zinema Akademiako presidenteak zehaztu duenez. Hala, sarietarako hautagaiak eta garaikurrak banatuko dituzten pertsonak baino ez dira izango ekitaldian.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.