Erakusketak

Andreak nagusi Guggenheim museoko aurtengo programazioan

Bilboko Guggenheim museoak zortzi erakusketa antolatuko ditu 2021ean. Urtarrilaren 29tik aurrera ikusi ahal izango da lehena: ‘Bilbo eta pintura’. Emakumezko artistek «protagonismo nabarmena» izango dute aurtengo eskaintzan

Guggenheim museoa, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko urtarrilaren 18a
14:04
Entzun

Aurrekontua iazkoarekin alderatuta %20 jaitsi bada ere, Bilboko Guggenheim museoak aurreko urteetako «anbizio, asmo eta bikaintasun» berekin ekingo dio 2021ari. Hala argitu du Juan Ignacio Vidarte zuzendariak goizean emandako prentsaurrekoan, aurrekontu murriztu hori nola egikarituko duten xehatzen hasi baino lehen. Zortzi izango dira aurten eskainiko dituzten erakusketak, eta bilduma iraunkorrak eta luzerako mailegatutako obrak funtsezkoak izango dira, zuzendariak adierazi duenez. Gainera, programazioak andreen «presentzia nabarmena» izango duela aurreratu du: «Udazkeneko eskaintza osoa emakumezko artistekin bete dugu». Erakusketok hizpide izango dituzte, besteak beste, aldaketa betean dauden tokietan sortutako adierazpen artistikoak, gorputzaren mugimenduak, ezohiko material eta teknikekin ondutako obrak eta abstrakzioa jorratu zuten andre artistak. Horietatik lehena, Bilbo eta pintura, urtarrilaren 29tik egongo da ikusgai.

Oroz gain, «oreka» izan du jomuga aurtengo programazioak, Vidarteren hitzetan: batetik, erakusketek jorratuko duten denbora tartearengatik, XIX. mende bukaerako eta XX. mendearen erdialdeko obrak ikusi ahal izango baitira, baita ekoizpen garaikideak ere; eta, bestetik, eskaintzaren maila urte osoan zehar mantentzeaz arduratu direlako. Hala, programazioa «publiko zabal batentzat erakargarria» izango dela ziurtatu du Vidartek, baita «askotarikoa» ere, hori izan baita helburuetako beste bat: «Erakusketa batzuek hainbat artista batzen dituzte, euskarrietan ere aniztasuna dago...». Alabaina, aniztasun horren artean «justaposizioak» lortzen saiatu dira: «Urteko lehen zatian dauden lehenengo bi erakusketek atzera begiratzen dute; bigarren zatia, berriz, emakumezko artistengan oinarrituko da».

Hauek dira, zehazki, Guggenheimeko 2021eko programazioa osatuko duten zortzi erakusketak, hurrenkera kronologikoan:

‘Bilbo eta pintura’.Urtarrilaren 29tik abuztuaren 29ra bitarte.

Aurtengo lehen erakusketak XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Bilbo erakutsiko du, tarte horretan bertan aritu ziren artisten muralen bitartez. Kosme Barañano bilbotarra arituko da komisario lanetan, eta Petra Joosek lagunduko dio zeregin horretan. Joosen hitzetan, bildutako muralek «Bilbok ordurako zuen nazioarteko izaera nabarmentzen dute», eta azpimarratu du garaian «ohikoa» zela bertako artistek nazioarteko proiekzioa izatea. Hainbat klasetako pertsonak batera agertzen dira obretan, eta irudiak egin zituzten orobat burgesek bisitatzen zituzten terrazekin, baita landa eremuan edo itsasoan aritzen ziren herritarrekin ere. «Garrantzi bera zuten», Joosen iritziz. Artista bilbotar asko mugaz gaindi ere aritu ziren, eta nazioartean garatzen ari ziren mugimendu artistiko batzuk ekarri zituzten; besteak beste, espresionismoa.

'Bada lege bat, esku bat, abesti bat’, Alex Reynolds.Otsailaren 19tik ekainaren 13ra bitarte.

Film & Video programaren barruan garatuko diren hiru erakusketetako lehena izango da Reynoldsen obra. Manuel Cirauqui komisarioak azaldu duenez, bi giltzarri ditu lanak: «Batetik, euskarri hauen historiari dagozkion gaiak azpimarratu nahi ditu, eta, bestetik, baita gaur egungo gizarteko galdera behinenak ere». Dantzaren bitartez hausnartzen du gai horien inguruan, eta euskarria «transzenditzea» du xede, komisarioaren hitzetan. «Artistaren eta ikuslearen gorputzek kolabora dezaten pantailatik kanpo, egoeraz harago doan kontaktua lortzeko. Espazioa ez dadin pantailara mugatu».

‘Urte eroak: 1920ko hamarkada’.Maiatzaren 7tik irailaren 19ra bitarte.

Bi mundu gerren tarteko garaira begiratuko dio erakusketak. Petra Joos komisarioak «interesgarriak» deritze urte horiei, «duela 30 urte asmatuak direla uste den» gaiak garatzen ari zirelako dagoeneko mende bat lehenago: alegia, «dantzak, feminismoa, gorputzaren pertzepzio berriak eta askatasuna sexuala», besteak beste. Politikoki eta sozialki ez ezik, artistikoki ere «aurrera pauso garrantzitsuak» eman ziren urte horietan, Joosek aletu bezala: hala nola arkitekturan, altzarigintzan eta modan berrikuntzak izan ziren. Giro hori guztia gogora ekarriko du erakusketak: zazpi atal izango ditu, jorratuko den gai bakoitzeko bat.

‘Asmamenaren ildoa’.Ekainaren 1tik otsailaren 6ra bitarte.

Guggenheimeko bilduma propioko obretara eta luzerako maileguetara jo dute erakusketa hau ontzeko. Umorea, asmamena eta esperimentazioa dira lan hauek lotuko dituzten gakoak, Lekha Hileman Waitoller kuradoreak azaldu bezala. «Prozesu ez oso ortodoxoak, gizakia irudikatzeko forma ezohikoak, eta teknika moldatuak» ageri dira aukeraketa honetan, haren hitzetan. Besteak beste, Yoko Ono artistaren mihise bilduma bat ikusteko aukera egongo da, Guggenheimen bertan egin zituenak.

‘Tximista dantza’, Cecilia Bengolea. Ekainaren 24tik irailaren 26ra bitarte.

Film & Video programaren bigarren lana izango da Bengolearena. «Koreografia eta bideo artea» uztartzen ditu artistak lan honetan, Cirauqui komisarioak azaldu duenez, eta, zehazki, Jamaikako dancehall dantza motaren inguruan egindako ikerketen harira ondutako obra da. «Erritu gisako jardueren gordailua da dantza mota hori. Millennial kultura eta gai arkaikoak nahasten ditu. Bengolearen obrak bizitasuna kutsatzea du helburu».

‘People Come First’, Alice Neel.Irailaren 17tik 2022ko urtarrilaren 23ra bitarte.

Alice Neel artista estatubatuarraren estatuko lehen atzera begirakoa hartuko du museoak udazkenean. 70 urteko ibilbidea izan zuen Neelek; baina, halere, kostata lortu zuen AEBez gaindiko oihartzuna, Lucia Agirre komisarioak adierazi duenez. Neelek erretratuak jorratu zituen bereziki, baina «bide bat baino ez ziren izan pertsonen arima erakutsi ahal izateko», Agirreren ustez. Bere garaiko joera kulturalen kontrakarrean egin zuen lan, eta amatasuna edota AEBetako depresioa izan zituen hizpide, besteak beste. Guggenheimen Neelen obra oparoaren ia 100 lagin ikusi ahal izango dira, artistaren ibilbidea haren osotasunean erakutsiko dutenak.

‘Noa Eshkolen mugimendu errotazioa’, Sharon Lockhart. Urriaren 7tik 2022ko otsailaren 27ra bitarte.

Film & Video programaren urteko hirugarren eta azken instalazioa izango da Lockhartena. Honek ere gorputzaren mugimendua izan du lanaren lehengai, eta Noa Eshkol koreografo, teorialari eta ikertzaile israeldarraren lanetan oinarritu da obra ontzeko. Programako aurreko bi instalazioak bezala, Cirauqui arduratu da honetaz ere: «Eshkol aitzindaria izan zen gorputzaren mugimenduaren ia modalitate guztiak erregistratzeko gai den idazketa sistema batera transkribatzen giza keinuak», azaldu du. Sistema horren aplikazioak ikusgai egongo dira udazkenetik aurrera.

‘Emakumeak abstrakziogile’. Urriaren 22tik 2022ko otsailaren 27ra bitarte.

1860. hamarkadatik 1980.era abstrakzioa jorratu zuten emakumezko artisten aukeraketa eskainiko du museoak urteko azken erakusketan. Sortzaile «ezagun zein ezezagunen» lanak bilduko dira, Waitoler kuradoreak azaldu duenez. «Abstrakzioaren historiari begirada berri bat ematea» izango du helburu erakusketak. Obra piktorikoez gain, abstrakzioaz diharduten testu sorta ere kontsultatu ahal izango da erakusketan, «batez ere, 1970eko hamarkadako testu feministak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.