Arkeologia

Erpe markak eta giza garezur bat topatu dituzte Amorotoko kobazulo batean

Gernikako Ades taldeak orain arte ezagutzen ez zen harpe bat aurkitu eta esploratu du.

Espeleologo taldeko kide bat, topatu duten atzapar marketako batzuen ondoan. ADES ESPELEOLOGIA TALDEA
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 18a
15:19
Entzun

Ades espeleologia elkarteak orain arte ezagutzen ez zen kobazulo bat aurkitu eta esploratu du Amoroton (Bizkaia), eta lehen saioetan dagoeneko topatu dituzte aztarna interesgarriak, ustez hartz baten erpearen markak eta giza garezur bat.

MG-12 kodearekin katalogatu dute haitzulo aurkitu berria. Erpearen markak handiak dira, eta harpeko hainbat lekutan ikusi dituzte. Adierazi dutenez, tamaina ikusita, litekeena da ugaztun «oso handi» batenak izatea; gaineratu dute agian leize-hartz batenak izan litezkeela. Lur planetan bizi izan diren hartz handienetako bat da Ursus spelaeus: 130 zentimetroko altuera har zezaketen soingurutzean —hau da, gaurko hartz zuriak bezain handiak ziren— eta 600 kilo. Duela 27.500 urte inguru galdu ziren. Euskal Herriko hainbat kobazulotan topatu dituzte haien aztarnak, besteak beste Ekainen, Izturitzen, Arrikrutzen eta Lezetxikin.

Giza garezurra

Ades taldeko espeleologoek egin duten beste aurkikuntza bat: gizaki baten kaskezurra. Nabarmendu dute «ezohiko» moduan topatu dutela, hau da, ganga agerian eta aurpegiko hezurrak lurperatuta, eta ez dagoela beste hezur aztarnarik inguruan. Ikusteke dago zer gehiago topa daitekeen inguruan, adierazi baitute ez dutela inongo indusketarik egin, halako aurkikuntzen inguruko protokoloari jarraikiz. Izan ere, aurkikuntzaren berri emanda, orain arkeologo, paleontologo eta bestelako ikertzaileren txanda litzateke.

Kobazuloan topatu duten kaskezurra.Ades espeleologia taldea

 

Ades taldeak Gernikan (Bizkaia) du egoitza. Ia 40 urte daramatzate lanean, boluntario gisa. Aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte lehen ere Bizkaian: Morgotako kobazuloan (Kortezubi) Goi Paleolitoko aztarnategia topatu zuten labar artearekin,  2014an. Hurrengo urtean, gauza bera Berriatuko Atxurra harpean, eta 2016an, Goi Paleolitoko artea aurkitu zuten Armintxen (Lekeitio).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.