Tabakalerak euskal sorkuntza «nazioartekotzea» izango du helburu 2021. urtean

Hiru milioi euroko aurrekontua izango du aurten zentroak, eta 30 programa eskainiko ditu. Profesionalentzako sarbide izateaz gain, herritarrak kulturara heltzea ere badu helburu.

Tabakaleraren 2021. urteko programazioaren aurkezpena, gaur goizean. GORKA RUBIO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 18a
16:53
Entzun

“Kulturaren egoerak derrigortzen gaitu ahalegin hau egitera”, adierazi du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak, gaur goizean egindako agerraldian. Esan eta egin. Euskara nazioartekotzea, arte garaikidea profesionalizatzea, artisten arteko sareak sortzea eta sorkuntzarako baliabideak herritarren esku uztea izango dute helburu Tabakalerak eta programa horietan parte hartuko duten eragileek. Izan ere, erakusketa-zentro izaeratik harago joateko asmoa du Tabakalerak 2021. urtean; ekoizpen artistikorako zentro izan nahi du, eta horretarako, tokiko eta nazioarteko artistei eskainiko dizkie bere gune eta baliabide gehienak . Tabakaleraz gain, beste zenbait eragilek ere hartuko dute parte aurtengo programan: Etxepare Euskal Institutuak, Kutxa Fundazioak, Donostia Zinemaldiak, Elias Kerejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Zineuskadi/Mediak. 

Ikus entzunezkoak izango dira sorkuntzaren oinarrietako bat. Carlos Mugiro Elias Kerejeta Zine Eskolako zuzendariak jakinarazi du aurten telesailen sortzaileentzako laguntza eskainiko duen programa bat jarriko dutela martxan, euskarazko telesailak sortzea bultzatu eta nazioartekotzeko asmoz. Horrez gain, beste urte batzuetan martxan jarritako programekin jarraituko dute, eta azpimarratu dute beren asmoa dela sortzaileei etapa guztietan eskaintzea laguntza, ez soilik ekoizpenean: “Gure helburua ez da soilik pelikula amaitzea; zinemagilearen eguneroko lanean egon nahi dugu”, adierazi du Mugirok.

Eragileen arteko lankidetza ere aipatu du, eta gogorarazi du Zinemaldiak zer lan egin duen zinema eskolako ikasleen lanak sustatzeko: harreman zirkularrak eta belaunaldien artekoak sortzea da asmoa. Hain zuzen ere, Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko zuzendariordeak nabarmendu du Tabakaleran parte hartu duten sortzaile askoren lanen bozgorailu izan dela jaialdia. Horren adibide argitzat jarri dute NEST programa. Izan ere, programa horretan Zinemaldiko ikasleei laguntzak eskaini dizkiete joan den hogei urtean, beren proiektuak aurrera eraman ahal izateko. 

Eusko Jaurlaritzak ere izan du zeresanik programazioan: aurreko urteetan bezala, Noka mentoring programa jarriko du martxan. "Zinemaren sektorean emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna sustatu nahi du" programak, eta horretarako, Hego Euskal Herriko emakume zuzendari hasiberrien proiektuak bultzatuko ditu, tutoretza eskainiz. 

Preseski Etxepare Euskal Institutuak izango du euskal kultura sustatzeko ardura. Horretarako, alde batetik, euskal artisten mugikortasuna sustatuko duten diru laguntzak eskainiko ditu, eta, bestetik, literatura lanen itzulpenean oinarrituko diren laguntzak. Irene Larraza institutuko zuzendariak nabarmendu du 10 urtean 170 euskarazko libururen itzulpenean hartu duela parte institutuak, eta, hain zuzen ere, nazioarteko agente eta editoreak euskal literaturara gerturatzeko lanean dabiltzala gehitu du. Horretan datza Euskal leihoak egitasmoa: euskal artisten eta sortzaileen lanen nazioarteko presentzia bultzatzeko sortzen dituzten jarduera artistikoak.

Sorkuntzaren beste arlo batzuk landuko dituzte aurten ere, eta, Kutxa Kulturren bidez, aholkularitza eta sorkuntzako guneak eskainiko dizkiote moda eta musikaren arloan profesionalizatu nahi duen orori.

Herritarrentzat ere bai

Baina dena ez da profesionalizaziora begirakoa izango; herritarrek ere izango dute euren tokia aurtengo programazioan. “Herritar aktibo eta kritikoagoak osatzen laguntzea” helburu, Medialab plataforma jarriko dute eskuragai, publiko mota guztientzako programazioa eskaintzeko, eta sormena lantzeko tailerrak eta ahalduntze teknologikoa sustatuko duten topaketak ere antolatuko dituzte, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.