Ebazpena

Bi urteko zigorra Enrich eta Luna fubolariei, sexu bideo bat grabatu eta zabaltzeagatik

Biktimari kalte-ordaina eman izana aringarritzat jo du auzitegiak. Ez dute kartzelara joan beharko. Eddy Silvestre jokalaria errugabetu egin dute.

Bizkarrez, ezkerretik eskuinera, Eddy Silvestre, Sergi Enrich eta Antonio Luna, epaiketan, Donostian, joan zen urrian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 19a
12:00
Entzun

Donostiako 3. Zigor Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra ezarri die Sergi Enrich eta Antonio Luna futbolariei, emakume batekin edukitako sexu harremana grabatu eta zabaltzeagatik biktimaren baimenik gabe. Intimitatearen kontrako delituak egin izana egotzi diete. Eibar taldeko jokalariak ziren biak gertatutakoa gertatu zenean, eta Enrichek talde armaginean jarraitzen du.

Fiskalak eta biktimaren abokatuak bost urteko zigorra eskatu zuten hasiera, baina epaiketan bertan jaitsi zuten eskaria bi urtera, akusatuek aitortu zutelako delitua egin zutela, barkamena eskatu zutelako eta kalte-ordaina eman ziotelako biktimari. Ebazpenean, epaileak kontuan hartu du «kaltea konpontzeko» egin duten ahalegina. Izan ere, akusazio partikularrak eskatzen zuen baino kalte-ordain handiagoa eman zioten: 110.000 euro. Edonola ere, botoa jasotzeko eskubidea kendu die.

Eddy Silvestre jokalaria, ordea, errugabetzat jo dute. Bideoa zabaldu izana egotzi zioten, baina salaketak ez zuela funtsik ebatzi du auzitegiak.

Aldeek ebazpenaren kontrako helegitea jar dezakete. Zigortuek ez dute kartzelara joan beharko, edonola ere, epaileak zigorraren gauzatzea bertan behera uztea erabaki duelako, Efe agentziak auzitegiko iturriak aipatuta esan duenez.

«Damua» epaiketan

Urrian egin zuten epaiketa, Donostian, eta akusatuek damua agertu zuten. «Egindakoaz damututa nago; barkamena eskatzen diot neskari, eta bideoa ezin dut ikusi ere egin, oso gogorra delako», esan zuen orduan Enrichek. Lunak negar egin zuen deklaratu zuenean: «Egin genuena ez genuen egin inori min emateko».

Fiskalaren txostenaren arabera, 2016ko apirileko egun batean, bi jokalariek eta biktimak sexu harremanak eduki zituzten, hiruren onespenarekin, Lunaren Eibarko etxean (Gipuzkoa). Luna, Enrichen sakelako telefonoarekin, irudiak hartzen hasi zen, eta biktimak eskatu zien ez grabatzeko, jokalariek eurek aitortu zutenez. Emakumeak bideoa ezabatzeko esan zien gero, baina hori ere ez zuten egin, eta gezurra esan zioten. Gero Silvestreri bidali zioten bideoa, «berari bakarrik», esan zutenez, harenganako «konfiantza» zutelako. Baina bideoa taldeko jokalarien artean zabaldu zen, eta bolo-bolo ibili zen 2016ko urrian sare sozialetan. Orduan jarri zuen salaketa biktimak.

Emakumeak tratamendu psikiatrikoa behar izan zuen, eta, hura artatu zuen Mariasun Landa psikiatrak epaiketan esan zuenez, «bere buruaz beste egiteko osagai guztiak zeuzkan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.