Katalunia

Bozak atzeratzeko erabakia behin-behinean indargabetu du Kataluniako Auzitegi Nagusiak

Otsailaren 14an egitekoak ziren bozak pandemiarengatik maiatzera atzeratzea erabaki zuen Kataluniako Gobernuak. Generalitateak eta fiskaltzak ostegun goizera arteko epea dute alegazioak aurkezteko.

Pere Aragones Kataluniako jarduneko presidenteordea, joan den ostiralen, hauteskundeen atzeratzea jakinarazteko agerraldian. RUBEN MORENO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 19a
12:36
Entzun

Kataluniako bozak atzeratzeko erabakia bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, behin-behinean. Herritar batek inpugnatu egin zuen Kataluniako Gobernuak hauteskundeak dataz aldatzeko onartutako dekretua, oinarrizko eskubideen kontrakoa dela iritzita. Auzitegiak onartu egin du dekretua indargabetzea, kautelazko neurri gisa, bozak atzeratzeari buruz erabakitzen duen artean. Beraz, une honetan indarrean da otsailaren 14rako bozetarako deia.

Auzitegiak arrazoitu du behin-behineko neurriak hartu ezean helegiteak ez lukeela zentzurik. «Helburua galduko luke», adierazi du, ezinezkoa bailitzateke otsailaren 14rako hauteskunde prozesuarekin jarraitzea. Ondorioz, oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua legoke, epaileen iritziz. Bozak atzeratzearen kontrako beste sei salatzaileren helegiteak ditu aztertzeko auzitegiak, horiek ere kautelazko neurriak hartzeko eskariekin. Helegiteak aurkeztu dituztenen artean dira Lliga Democratica, Federalistes d’Esquerres, Izquierda en Positivo eta Impulso Ciudadano elkarteak.

Epaileek osteguneko 10:00ak arteko epea eman diete Kataluniako Gobernuari eta fiskaltzari, alegazioak aurkezteko. Auzitegiak «ahalik eta arinen» hartuko du helegiteen gaineko erabakia. Ebazpenik ezean, edo auzitegiak bozen atzeratzea legez kontrakotzat joko balu, urtarrilaren 29an hasi beharko luke hauteskunde kanpainak.

Generalitateak joan den ostiralean jakinarazi zuen hauteskundeak atzeratuko zituela. Pandemiak herrialdean duen bilakaera okerrak behartuta hartu zuen erabakia. Generalitatearen Osasun Sailaren txosten baten arabera, COVID-19ak kutsatuen kopuruak eta ZIU zaintza intentsiboetako unitateen okupazioak hauteskundeetarako jarritako hasierako eguna baino zertxobait lehenago joko dute goia. Osasun Sailak aurreikusten du egun horietan 3.000-4.000 positibo izango direla herrialdean, eta 620-750 paziente ZIUetan. Maiatzaren 30ean ezarri zuen parlamenturako bozak egiteko data berria.

Erreakzioak

Kataluniako Gobernua auzitegiaren ebazpenaren kontra mintzatu da. «Gobernua ez dator bat Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabakiarekin, [bozak atzeratzeko] neurriak indarrean dagoen irizpide sanitario eta epidemiologiko bati erantzuten baitio», nabarmendu du Meritxell Budo Gerneralitateko bozeramaileak. Gobernuak, baina, men egin dio epaileen erabakiari, eta martxan jarri du berriz ere hauteskundeen prestaketa; besteak beste, hauteskunde mahaietako kideak izendatzeko prozesua. Budok ziurtatu du gobernuaren erabakiak «oinarri juridiko sendoa» duela, eta adostasun politiko zabal baten babesa duela. Bozak atzeratzeko dekretua alegazioen bidez babestuko dutela iragarri du.

Kataluniako alderdi politiko guztiak agertu dira Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra, PP eta PSC salbu. Azken horrek epaileen ebazpena betetzeko eskatu dio Kataluniako Gobernuari.

Generalitatea talde parlamentario guztiekin bildu zen bozak atzeratzeko pausoa eman aurretik, ahalik eta adostasun zabalenaren bila, eta guztien oniritzia jaso zuen PSCrena izan ezik. Kataluniako alderdi sozialista hauteskunde data aldatzearen aurka agertu zen hasieratik, baina bozen atzerapen tekniko baterako prest azaldu zen azken momentuan. Hauteskundeak martxoaren 14an edo 21ean egiteko aukera mahaigaineratu zuen. Generalitateak proposatutako data onartu zuen gehiengoak, ordea: maiatzaren 30a.

Hori jakinda ere, bere asmoari eutsi zion PSCk. Hartutako erabakia justifikatzen duen «irizpide epidemiologikorik» ez dagoela salatu zuen Miquel Iceta alderdiko idazkari nagusiak, bileraren ostean egindako agerraldian.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.