sagardoa

Otsailaren 5ean hasiko da "ezohiko" sagardo denboraldia

Sagardo sektoreak lanerako protokolo zehatza garatu du, eta upeletako sagardoa mahaian dastatu ahal izango da, pitxer eta botila gardenetan.

Sagardogileak, gaur, Donostian, sagardo denboraldiaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urtarrilaren 19a
13:02
Entzun

"Berezia, desberdina eta segurua". Halaxe nahi dute izatea, eta halaxe izango delakoan aurkeztu dute gaur aurtengo sagardotegi denboraldia. Otsailaren 5ean hasiko da ofizialki —izango dira lehenago eta ondoren irekiko duten sagardotegiak ere—, eta "ezhoiko" egoera bati aurre egiteko "erronka eta konpromisoa" hartuta datoz sagardogileak: "Lanerako protokolo zehatza garatu, eta sagardo berria eta sagardotegiko esperientzia bezeroei modu erakargarrian dastatzera emateko".

Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteetako ordezkariek hartu dute parte Donostian egindako agerraldian. Berritasun nagusia: upeletako sagardoa mahaian eserita dastatuko da. Nola? Pitxer eta botila gardenetan. Alegia, antzinako kontsumitzeko modua berreskuratuta —lehen ere pitxerretan zerbitzatuta eta mahaian jarrita edaten baitzen sagardoa sagardotegietan—, baina modu berritzailean. Izan ere, mahaira eramango duten pitxer eta botila bakoitzak bere txarteltxoa eta azalpenak izango ditu. Txartel bakoitzean, upelaren zenbakia egongo da jarrita, "bezeroak une oro jakin dezan zer sagardo ari den kontsumitzen". Txartelak, gainera, QR kode bat ere izango du, "sagardotegiari buruzko informazio gehiago jaso ahal izateko".

Protokolo zehatza garatu du sagardo sektoreak, baina argitu dute dekretu eta arau berrien arabera moldatzen joan direla eta joango direla. Orain, beraz: seiko taldeak egongo direna mahaietan gehienez, eserita denak, eta distantzia errespetatuz. Sagardoa mahaira aterako zaie, eta sagardotegiko menuko gainontzeko jakiak ere bai. Plater batean mahaiaren erdira, eta bezero bakoitzak izango du bere platera. Mahai bakoitzak arduradun bat izango du, eta arduradun horrek aukera izango du upeletara joan eta pitxerrak eta botilak betetzeko. Beti izango da pertsona berbera, eta sagardotegiko arduradunarekin batera beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen dien upeleko sagardoa. Sagardotegi bakoitzak bere ezaugarrietara egokituko du protokoloa, baina berbera izango da guztientzat. Urtarrilaren 12ko dekretuari jarraiki, 20:00etan itxiko dituzte sagardotegiak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.