Mugak

Urkulluk gutun bat bidaliko du gaur Parisera, mugako egoera arintzeko eskatzeko

Euroeskualdearen buru gisa idatzi die EAEko lehendakariak Jean Castex Frantziako Lehen ministroari eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuburuari, eta beste aukera batzuk proposatu dizkie.

Frantziako Poliziak Hendaian jarritako kontrol bat, joan zen larunbatean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 19a
13:29
Entzun

Euskadi Irratiak iragarri duenez, Iñigo Urkullu Lehendakariak gutun bat idatzi dio Jean Castex Frantziako lehen ministroari, Parisek zenbait muga pasabide ixteko harturiko erabakiak eragin dituen eragozpenak azaltzeko, eta beste aukera batzuk proposatzeko. EAE, Nafarroa eta Akitania Berria biltzen dituen euroeskualdeko txandakako presidentea da Urkullu, eta horren izenean idatzi du. Gaur bidaliko du mezua. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari ere bidaliko dio gutuna.

Urtarrilaren 14an Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide itxi zituen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko». Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen txalupa bertan behera geratu zen, eta Hendaiako merkantzia zubia itxi zuten, Lizuniagako lepoa, Lizarrietako lepoa, Sarako bidea Berruet bentan, Izpegiko lepoa, Aldudeko ibarra eta Iturzaetako lepoa. Gainerako pasabideak irekita daude. Prefeturak eskatu zuen Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausuko zubia eta Biriatuko muga erabiltzeko, baita Ibardineko lepoa, Dantxariako muga eta Arnegi ere.

Prefeturak esan zuenez, Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta hartu zuen muga pasabide horiek ixteko erabakia.

Lehen ere egin dizkie halako eskaerak Urkulluk Parisi eta Madrili. Joan zen maiatzaren amaieran, gutun bat bidali zien Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eta Edouard Philippe Frantziako orduko lehen ministroari. Orduan, izurria argudiatuta itxi zituzten mugako pasabideak. Urkulluk eskatu zien euroeskualdeko biztanleei mugak zabaltzeko, familia, gizarte, ekonomia eta osasun harremanak ahalbidetzeko.

Azaroaren 5ean, Frantzia eta Espainia arteko mugako eremuetan polizia kopurua bikoiztuko zutela iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, «immigrazio klandestinoari» aurre egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.