Alaves 1-2 Sevilla

Ligan ere ezin

Alavesek 2-1 galdu du Sevillaren aurka. 88. minutuan neurketa berdintzeko aukera garbia izan dute arabarrek, baina Joseluk penalti bat huts egin du. 

ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 19a
23:50
Entzun

Abelardoren bigarren aroa Alavesen ez da ondo hasi Ligan ere. Arabarrek 2-1 galdu dute Sevillaren kontra lehen itzuliko azken partidan. Alavesek atzean egindako akatsak ederki baliatu dituzte Lopetegirenek, eta taldea handiaren legea ezarri dute. Abelardorenek, berriz, aukera garbia izan dute partida amaitzear zela, baina Joseluk penalti bat huts egin du. 

Hasi eta berehala jarri zaio maldan gora norgehiagoka Alavesi. 3. minutuan El Nesyrik gola egin du. Jesus Navasek erdiratu, eta Laguardiak ez du behar bezala zaindu aurrelaria. Hark ez du barkatu. Sevilla hobeto ari zen, baina arabarrek berdinketa lortu dute 12. minutuan, jokaldi islatu batean. Ximo Navarrok luze atera du alboko saketik, eta buruz loratu du baloia Edgarrek. Bono aurreratua zegoen, eta ezin izan du geratu. 

Hurrengo minutuan Alavesen onenak izan dira, Sevillari presioa egin dio, eta Espainiako taldea zuloak topatu ezinik aritu da. Baina 30. minutuan Susok gol ikusgarria sartu du urrutitik jaurtita, zelai erdian baloia hartu eta Tomas Pina atzean utzi ostean. 

2-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarrena bide beretik joan da. Alaves nahiko ondo, baina aparteko arriskurik sortu gabe, eta Sevilla teknikoki eta taktikoki hobea zela erakutsiz. Azken txanpa izan da zirraragarriena. Joseluk bi aukera garbi izan ditu buruz, baina bat Bonok gelditu du, eta bestea kanpora joan da. Epaileak, berriz, balio gabe utzi du En Nesyriren gol bat, VARean begiratu eta gero. 

88. minutuan ailegatu da Alavesen aldeko penaltia. Baloia aldentzera joan da Kounde, baina eskuarekin jo du. Bonok, ordea, geratu egin dio penalti jaurtiketa Joseluri. Hala amaitu da partida. Bi neurketa aulkian, eta bi porrot pilatu ditu Abelardok. Larunbatean izango du hurrengo aukera lehen puntuak pilatzeko. Alavesek Real Madril hartuko du, Mendizorrotzan (21:30). Talde arabarra sortu zela ehun urte betetzen dira egun horretan, eta sari handia litzateke hiru puntuak lortzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.