Kutsadura

Donostia, Euskal Herriko hiriburuetan okerrena kutsadurak eragindako gehiegizko heriotzetan

Europako 858 hiri aztertu ditu nazioarteko ikerketa talde batek, eta airearen kalitatea hobetuz gero zenbat heriotza saihestu zitezkeen kalkulatu du. Hirien sailkapen bat egin dute.

Donostia, umeen konfinamendua arintzeko neurriak indarrean sartu ondoren. Konfinamenduan asko hobetu zen airearen kalitatea. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 20a
12:03
Entzun

Bartzelonako Institute For Global Health (ISGlobal) erakundeak inoiz egin gabeko ikerketa bat egin du: Europako hirietan airearen kutsadurak eragiten dituen heriotzetatik zenbat saihestu zitezkeen kalkulatu du, eta zerrenda bat osatu du ikerturiko 858 hiriekin, hobekien daudenetik, okerren daudenetara. Suitzako Osasun Publiko eta Tropikoetako Institutua eta Utrechteko Unibertsitatea ere (Herbehereak) aritu dira lankidetzan. Euskal Herriko hiri nagusiak agertzen dira zerrendan.

Ondorioztatu dutenez, Donostia da Euskal Herriko hiriburuen arteko okerrena: 239. postuan dago, eta urtero 51 eta 123 heriotza artean saihestu zitezkeen airearen kalitatea hobetuz gero. Bilbo Handia da hurrengoa, 345. postuan (saihesteko moduko 184-490 heriotza). Iruñea 507. lekuan dago (53-143 heriotza); Baiona 590. postuan (16-71) eta Gasteiz da zerrendan hobekien dagoena: 659. postuan (21-99).

Partikula finak deiturikoak (PM2,5) aztertu dituzte, 2015eko datuak erabilita. Giza ile bat baino 30 aldiz txikiagoak dira partikula horiek, eta airean daude. Gizakien arnasbideetan sar daitezke, eta birikietara heldu. Horiek narrita ditzakete, eta begiak ere bai, eta, epe luzean, birikietako minbizia eta bihotzeko gaitzak eragin ditzakete, besteak beste. Kalterik handiena haurrei eta adinakoei egiten diete. Batez ere, gasolina eta gasolioa erretzen duten autoek sortzen dituzte, erraustegiek, suteek, besteak beste. Etxe barruetan, tabakoa erretzeak, kozinatzeak...

Horrez gain, nitrogeno dioxido (NO2) gasaren datuak aztertu dituzte. Horrek ere, arnasbideak eta birikak narritatzen ditu, eta heriotza ere eragin dezake. Gizakien aktibitateak dira iturburu nagusia.

Azterketa honela egin dute: alde batetik, Osasunerako Mundu Erakundeak gomendaturiko kutsadura mugak aintzat hartuz gero zenbat heriotza saihestu zitezkeen kalkulatu dute. Hori da eman duten estimazioaren lehen zenbakia. Bestalde, kutsagarrien kontzentrazioa 2015. urtean hiri bakoitzean neurturiko baliorik baxuenetara murriztuko balitz zenbat heriotza saihestu zitezkeen aurreikusi dute (bigarren zenbakia).

Ondoren, algoritmo bat erabili dute, hiri bakoitzari puntuak emateko, pairatzen duen gehiegizko heriotza zamaren arabera. Heriotza tasa, saihesteko moduko heriotza kopurua eta kutsagarri bakoitzak zenbat bizi urte galtzea eragiten duen hartu dituzte kontuan. Horrekin, zerrenda osatu dute.

Gehiegizko 200.000 heriotza

Ikertzaileen arabera, Europa osoan, 124.729 heriotza saihestu zitezkeen urtean partikula kontzentrazioa neurturiko baliorik apalenetara  murriztuko balitz, eta 79.435, NO2 gasa mugatuta.

Egoerarik txarrena Italiako iparraldeko Po ibarreko hirietan topatu dute, partikulei dagokienez. Populazio dentsitate handiko lekua da, eta oso industriala. Brescia eta Bergamo dira lehenak zerrendan kategoria horretan, eta Vicenza laugarrena, Txekiako Errepublikako Karvinaren ondoren. Nitrogeno dioxidoari dagokionez, ordea, Madril da Europako hiririk okerrena. Ondoren datoz Anberes (Flandria), Torino (Italia), Paris, Milano eta Bartzelona.

Sorpresa gutxi zerrendaren alderik argienean: egoerarik onena duten hiriak Eskandinavian daude. Partikula finei dagokienez, Reykjavik da lehena, Tromso bigarrena (Norvegia) eta Umea (Suedia) hirugarrena. Finlandiako bi hiri datoz gero: Oulu eta Jyvaskyla.

«Heriotza goiztiar asko saihestu zitezkeen Europako hirietan urtero airearen kutsadura arinduta, batez ere OMEren mugak aintzat hartuz gero», esan dute ikertzaileek, eta neurriak berehala hartzeko eskatu dute. Adierazi dutenez, zerrenda egitasmo zabalago baten barruko urratsa da: Europako mila hiritan garraio plangintzak osasunean duen eragina aztertzen ari dira. Besteak beste, trafikoa, berdeguneak, zarata eta beroa aztertzen ari dira, eta guztiarekin beste zerrenda bat osatuko dute.

Garraioa, gako

Joan zen udaberriko konfinamendu zorrotzak erakutsi zuen zelako eragina duen garraioak Euskal Herriko hirien kutsaduran. Ekologistak Martxan elkarteak maiatzean aurkeztutako txosten baten arabera, konfinamendua hasi zenetik nabarmen murriztu zen Hegoaldeko hiriburuetako aire kutsadura. Aitzineko urteko hilabete berarekin alderatuta, erdira murriztu zen airean atzemandako NO2 maila. Hain zuzen ere, azken hamarkadan martxoan eta apirilean erregistratutako kopuru txikienak izan ziren.

Kutsadura gehien murriztu zuen hiria Gasteiz izan zen: %58. Iruñean ere erdia baino gehiago gutxitu zen: %54. Donostian (%49) eta Bilbon (%46), berriz, gutxiago murriztu zen kutsadura, nahiz eta hiriburu horietan ere nabarmen egin zuen behera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.