Koronabirusa

Beste 1.246 positibo atzeman dituzte, azken bi hilabeteetako kopururik handiena

Azaroaren erdialdetik ez zen hainbeste kutsaturik zenbatzen Hego Euskal Herrian. Nafarroako Osasun Departamentuak bisitak murriztu ditu Nafarroako Ospitale Gune osoan.

Nafarroako erietxe zonaldean osasun-langileak lanean. IñIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 20a
12:32
Entzun

Eguberrien ostean, etengabe ari da handitzen positiboen kopurua, eta egoera kezkagarria da. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo beste 1.246 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. Guztira, 17.000 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik %7,3k eman zuten positibo. Atzoko positibo kopurua azken bi hilabeteetako daturik okerrena da. Zehazki, azaroaren 14tik izan den kutsatu gehien da.

Lurralde guztietan da kezkagarria egoera. Araban, 110 positibo zenbatu dituzte; Nafarroan, 200; Gipuzkoan, 298; eta Bizkaian, 616.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo beste 83 lagun ospitaleratu zituzten gaitzarekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta ZIUetan une honetan 97 lagun daude, bezperan baino bat gehiago. Azken astean 62 pertsona hil direla jakinarazi du Osakidetzak.

Nafarroako Ospitale Gunea

Nafarroan kutsatzeen goranzko joerak etenik ez duela ikusirik, Osasunbideak erabaki du Nafarroako Ospitale Gunean bisitak erabat mugatzea. Hala, ospitaleko bisitei eta laguntzei buruzko araudia zorroztu du: gaixo bakoitzak egunean pertsona bakarraren laguntza izango du, osasun langileek emandako jarraibideak bete beharko ditu, eta ospitalean emandako identifikatzailea eraman beharko du une oro. Ordutegian ere murrizketak ezarriko ditu: 21:00etatik aurrera ezingo zaie lagundu gaixoei, salbuespen egoeretan izan ezik. Behar izatekotan, ospitaleak baliabide telematikoak jarriko ditu eskura senideekin eta hurbilekoekin harremanetan jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.