Turismoa

Hoteletan igarotako gauak %61 jaitsi dira 2020an

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2019an baino 1.946.804 sarrera eta 3.855.902 ostatu gau gutxiago izan dira. Espainiatik kanpoko bezeroetan izan da jaitsierarik handiena. Hotel eta ostatuen %41 egon dira itxita abenduan, eta landetxeen %30.

Maria Cristina hotela, iazko martxoaren amaieran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 20a
12:49
Entzun

Pandemiari aurre egiteko neurrien pagaburu handienetakoa izan da turismoa, eta mugikortasun murrizketek kalte bereziki handia egin dute hotelen industrian, bai nazioartean, baita Euskal Herrian ere. Eustatek emandako datuen arabera, %61,1 murriztu dira 2019an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotel establezimenduetan izandako sarrerak, eta ia neurri berean egin dute behera igarotako gauek, %61,5 jaitsita.

Zauriak, gainera, zabalik jarraitzen du, hotel askok itxita egotea erabaki baitute, udazkenarekin osasun egoerak okerrera egin duenean, eta COVID-19ak berriz ere indarra hartu duenean hainbat herrialdetan. Halaxe, itxita, egon dira abenduan hiru lurraldeetako hotel establezimenduen %41.

Iazko urte osoari begira, eta lurraldekako irakurketa eginez, Bizkaiko establezimenduetako gertatu da jaitsierarik handiena sarreren (-%65) eta ostatu gauen (-%64) kopuruetan. Eragina oso handia izan da Gipuzkoan ere; sarrerak %56 eta gauak %59 murriztu dira. Eta antzeko jaitsierak izan dira Araban, sarrerak iaz baino %58 eta gauak %51 gutxituta.

Hiriburuetan okupazio datuak ez dira oso desberdinak izan lurraldeko kopuruekiko; Bilbon izan da jaitsierarik handiena sarreretan (-%64), eta Donostian eta Gasteizen ere %60ko jaitsieratik behera, baina oso hurbil geratu dira.

Bisitari jaitsierarik handienak Espainiatik kanpoko atzerritarrenak izan dira, 2019an hartutako jatorri horretako bezeroen ia hiru laurden galdu baitira. Sarrerak orokorrean %61 gutxiago izan dira, eta Espainiaz kanpoko atzerritarren sarrerak %73 jaitsi dira. Dena den, Bizkaian nozitu dute murrizketarik handiena bisitari klase horretan, haien sarrerak %78 murriztu baitira.

Okupazioari dagokionez, 2020an eskainitako plazen araberako okupazio mailak ehuneko 24,6 puntu egin du behera 2019. urtearekin alderatuta, eta eskainitako gela kopuruen arabera kalkulatuta, 27,4 puntu. Horrela, plaza bakoitzari dagokion okupazio maila % 32,8koa izan da, eta gela bakoitzari dagokiona, berriz, % 41,0koa.

Prezioak merkatu egin dira (-%22), eta hiru lurraldeetako hoteletako eguneko prezioa 72,62 eurokoa izan da, batez beste; 60 euro Araban, 66 euro Bizkaian, eta ia 85 euro Gipuzkoan.

Abenduan, itxita egon diren hotelena da daturik esanguratsuena. Ekainean, hotelen %39,8 egon ziren itxita, baina udan, kopuru hori %15 ingurura jaitsi zen. Udazkenarekin eta pandemiaren indartzearekin batera, tamalez, berriz uda aurreko kopuruetara itzuli dira itxierak. Urrian, %20 izan ziren itxita zeuden establezimenduak; azaroan, gehiago ziren, %38; eta abenduan, %41,1 izan dira.

Landetxeak

2020a beltza izan da landetxeen sektorearentzat ere. Nekazaritza turismoko ostatuetan sarrerak %59,2 jaitsi dira, eta ostatuetan igarotako gauek % 52,4 egin dute behera. Haietan ere, nabarmentzekoak dira Espainiatik kanpotik etorritako atzerritarrek ostatuetan igaro dituzten gauetan (-%81,8) eta sarreretan (-%77,9) izandako beherakadak.

Bezeroen batez besteko egonaldiak, hori bai, gora egin du, 2,58 egunetik 3,01 egunera. Hala ere, okupazio mailan %10eko beherakada izan da.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeen %30,7 egon dira itxita abenduan (%28,6 ziren azaroan). Hala ere, Eustatek ohartu duen moduan, «horrelako ostatuetan establezimendu asko irekita egon dira, baina ez dute inolako mugimendurik izan, mugikortasun murrizketengatik eta talde bakoitzeko baimendutako pertsona kopuruaren mugengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.