Ingurumena

Jaurlaritzak Verterri egotzi dio Zaldibarko zabortegiak eragindako «ingurumen kalteen» erantzukizuna

«Ingurumen erantzukizuneko espedientea» aztertu ondoren, gobernuak ebatzi du amildutako zabortegia kudeatzen zuen enpresa dela instalazioaren eremuko lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan sortutako «kalte esanguratsuen» arduraduna

Hondemakina bat zabortegian lanean, joan den urrian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 20a
13:37
Entzun

Behin «ingurumen erantzukizuneko espedientea» aztertuta, ondorio batera heldu da Eusko Jaurlaritza: Verter Recycling 2002 SM dela Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) eragindako «ingurumen kalteen» erantzulea, joan den otsailaren 6an amildutako instalazioaren kudeatzailea den neurrian. Jaurlaritzak ohar baten bidez adierazi duenez, Verter da eremuko lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan sortutako «kalte esanguratsuen» arduraduna. Hamar egun eman dizkio enpresari «ingurumen kalteak konpontzeko» proiektua aurkeztu dezan.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren esanetan, proiektuaren «ikuskaritza bat» egingo dute, eta, ondoren, «azken ebazpena» plazaratuko dute. «Zehaztuko du kaltea non dagoen, norena den ardura, eta nola konponduko den», azaldu du Tapiak gaur, Basaurin (Bizkaia), Sidenorren planta baten inaugurazioaren ondoren kazetarien galderei erantzun dienean.

Jaurlaritzaren arabera, Uraren Euskal Agentziari kontsulta egin ondoren «baieztatu» du kalte esanguratsuak daudela. Lurpeko urei egindako kalteari dagokionez, oharrean zehaztu du «araudiz zehaztutako kalitate arauak eta atalase balioak gainditzen dituzten emaitza analitiko batzuk» detektatu direla. Azaleko urari ere kalte egin dio zabortegiaren jarduerak; hain zuzen, Beko-Aixola ubidean, «gutxienez» 300 metro luze den tarte batean. «Irristatzearen [luiziaren] ondoren, eta lixibiatuak batzen aritu ondoren, bentzopireno eta fluoranteno kontzentrazioak erregistratu dira Aixola ubidean, irristatzea baino beherago, eta horiek araudiak ezarritako mugak gainditzen dituzte», jaso du gobernuak.

Gainera, «hondakin arriskutsuak» detektatu dituzte zabortegiaren lurzoru «irazgaiztu gabean», eta horiek, Jaurlaritzak nabarmendu duenez, eragotzi egiten dute lurzoruaren «kalitate adierazpena» ematea; beraz, ez du ahalbidetzen lur horri «inongo erabilerarik ematea». Tapiak oroitu du amiantoa zuen gela bat «hautsi» zela, material toxiko hori  «zabortegiaren leku guztietan» isuri zela, eta, «beraz, lur guztia kutsatuta» dagoela

Nolanahi ere, «lasai» egon daitezela esan die bai zabortegiaren inguruan bizi direnei, bai Joaquin Beltran desagertutako behargina bilatzeko lanetan ari direnei ere. Nabarmendu du airearen eta lurzoruaren kalitatea «kontrolatuta» dagoela.

Verterren txostena

Gogoratu du Jaurlaritzak joan den martxoaren 4an ireki zuela espedientea, «ingurumen kalteak eta Zaldibarko zabortegirako saiheste eta konponketa neurriak» zehazteko asmoz. Hasieran eskatu zion Verterri luiziaren ondoren sortutako «ingurumen kaltearen adierazgarritasun txostena» aurkezteko.

Verterrek ekainean aurkeztu zuen, eta, Jaurlaritzaren arabera, «zuzentzeko» eskatu zioten administrazioek hilabete geroago. «Azkenean», azaroaren 11n atzera aurkeztu zuen txostena zabortegia kudeatzen duen enpresak, eta, Jaurlaritzaren arabera, zera ondorioztatu zuen Verterrek: «Ez dago kalte esanguratsurik babestutako basa espezieetan eta habitatetan, ezta azaleko uretan ere». Txostenak zioen, aldiz, kalte «esanguratsuak» daudela lurpeko uretan, baina «nitratoen gainditze puntual» batengatik baino ez, eta ezin izan direla zehaztu lurzoruko kalteak, «ezin baitira egin lurzoruaren kalitatearen ikerketa egokiak».

Jaurlaritzak, baina, «zalantzan» jarri zituen baieztapen horiek, eta ebatzi du Verter dela zabortegiaren inguruko lurzoru eta uretako «kalte esanguratsuen» arduraduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.