San Sebastian eguna

San Sebastian egun «lasaia eta tristea» ospatzen ari dira Donostian

Danbor soinu bakanen bat entzuten da Parte Zaharrean; bada okasiorako jantzi denik ere, baina ohiko jaiegun baten gisan dabil jendea pasieran.

Donostiako Sarriegi plaza, gau eguerdian. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urtarrilaren 20a
14:47
Entzun

Bezperan balkoietatik aritu ziren, eta “salbatu” zuten jaia, nolabait. Egunean bertan, berriz, jendea pasieran dabil Donostian, baina ez dago ez haurren danborradarik eta ez helduenen ordu txikietako bezperakorik. Bertan behera gelditu da dena, eta errespetatzen ari da jendea. Burrunbarik ez inon.

Tabernak irekita daude, eta elkarte gastronomikoak, itxita. Egon da Parte Zaharrean danborrada inprobisaturen bat, eta udaltzainek identifikatutako lagunen bat ere bai. Bezperan Segurtasun Sailak abian jarritako neurrien arrastoak nabarmenak dira oraindik, eta Ertzaintzaren hiru patruila badaude gutxienez Konstituzio plazan. Ertzainak eta udaltzainak hara eta hona dabiltza kalean.

Alderdi Ederren haur pilaketarik ez, eta daudenak, parkean gurasoekin jolasean, eta danborrak besapean.

Galdezka hasita, eguna “lasai eta triste” doala diote gehienek, nahiz eta jatetxeren batean onartu espero ez zituzten erreserbak ere izan dituztela.

Loiolan, Amaran, Grosen, Egian eta Intxaurrondon ere jendea kalean, jaieguna eta eguraldi ona baliatuz. Balkoietan, banderak eta puxika txuri-urdinak trumilka.

Sarriegi plazan, isilik eta hotz Raimundo. Martxarik ez. Selfie bat edo beste bai harekin, urteko egunik burrunbatsuenaren isiltasuna gogoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.