Ezbeharra

Leherketa batek gutxienez hiru hildako eragin ditu Madril erdialdean

Jose Luis Martinez Almeida alkateak jakinarazi duenez, gas leherketa bat izan dela dirudi. Hiru hildakoez gain, pertsona bat desagertuta dago, beste bat larri zaurituta, eta zazpik zauri arinak dituzte. Kalte material handiak ere eragin ditu istripuak.

Leherketa gertatu den erakina, Madril erdialdean. DAVID FERNANDEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 20a
16:15
Entzun

Leherketa handi bat gertatu da 15:00ak aldera Madril erdialdean. Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, gutxienez hiru pertsona hil direla baieztatu dute: 85 urteko emakume bat da horietako bat. Desagertuta dago pertsona bat, larri zaurituta beste bat, hala moduz beste bat, eta seik zauri leunak dituzte. 

Jose Luis Martinez Almeida alkateak esan duenez, berriz, ikertzen ari dira, baina gas leherketa bat izan dela dirudi. Kalte material handiak eragin ditu istripuak, bai leherketa gertatu den eraikinean, baita ingurukoetan ere.

Lau pisuko eraikina Madrilgo artzapezpikutzarena da; bulegoak dituzte han, baita Caritasen zentro bat, bilerak egiteko gelak eta apaizentzako hiru etxebizitza ere. Ondoan daude zahar etxe bat, ikastetxe bat eta eliza bat, Toledoko Atetik gertu. Poliziak ingurua itxi du, eta herritarrei hara ez gerturatzeko eskatu die. Egoitzan zeuden 56 egoiliarrak eraikinetik atera dituzte —zentroak esan du ez dagoela zauritutik—, eta, dirudienez, eskolako jolastokian ez zegoen haurrik. Elurraren ondorioz debekatua dute han jolastea.

Zahar etxetik aterarazi dituzten adinekoak inguruko dendetan eta tabernetan hartu dituzte, inguruko langileek jakinarazi dutenez. 

Ezbeharra gertatu bezain pronto, suhiltzaileen bederatzi unitate bertaratu dira, baita 11 anbulantzia ere. Kalean zauritutakoak artatzen ari dira. Poliziak jakinarazi duenez, langile batzuk instalazioak gainbegiratzen ari zirela gertatu da leherketa, eta horietako bat da desagertutako gizona.

Espainiako Barne Ministerioak ikerkta bat hasi du gertatutakoa argitzeko. Azaldu du oraindik goiz dela gertakariak zenbat laguni kalte egin dien argitzeko, baina une oro jarraituko dutela informazioa ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.