Pentsioak

Pentsioak kalkulatzeko epea 25 urtetik 35era luzatuko duela ukatu du Madrilek

Bruselara bidalitako agirian ez da urte horien aipamena agertzen, baina bai zirriborro batean. Kotizazio epeak luzatzeko aukera ez du baztertu, baina urte okerrenak kentzeko aukerarekin.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa, gaur. NEWSPHOTO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 20a
18:08
Entzun

Pentsioak kalkulatzeko kontuan hartu beharreko kotizazio epeari buruzko eztabaida behin betiko itxi nahi izan du Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchez presidenteak eta Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak gaur agindu dute epea ez dutela 25 urtetik 35 urtera luzatuko. Madrilgo gobernuaren barruan eztabaida handia izan da horren inguruan, Unidas Podemosko ministroek ohartarazi dutelako ez dutela inola ere onartuko.

Kalapita faltsua dela aldarrikatu du Escrivak, ez dagoela borrokarik gobernuaren barruan, inork ez duelako 35 urteko kotizazioa aipatu. «Ez da existitu, eta ez da existituko», ziurtatu du Escrivak, Onda Cero irratian. «Kontakizun artifizial bat» sortu da neurri horren inguruan, «existitzen ez den errealitate batetik abiatuta». «Zer gertatu da? Erdibideko kalkulu batzuetatik abiatuta, norbaitek hartu egin dituela eta horrekin kontakizun bat egin duela, esan ahal izateko konfrontazio kontakizun bat badagoela».

Adierazpen horiek ez datoz guztiz bat atzo hedabide batzuek  filtraturiko agiri batekin. Espainiako Gobernuak Europako Batzordera igorri beharreko erreformen zirriborro bat da, Gizarte Segurantzako Ministerioaren zigilua du, eta espresuki aipatzen du 35 urteko epea. Edonola ere, zirriborro hori bidean geratu da, eta hainbesteko zehaztasunik ez da agertzen Madrilek Bruselara bidalitako azken testuan.

Aldaketak izango dira

Batera edo bestera izan, pentsioa kalkulatzeko epea 35 urtera ez luzatzeak ez du esan nahi ez direnik aldaketak izango arlo horretan. Bruselak jaso duen agiriak berak dio aldaketak izan daitezkeela arlo horretan, «ibilbide profesionalen oraingo errealitatera egokitzeko». Bi iradokizun egin ditu: urte gehiago har daitezkeela kontuan — «pentsioa egindako ekarpenari gerturatu behar zaio»—, baina kotizatu gabeko edo kotizazio txikiko urteen konpentsazioa izan daitekeela. Formula bat izango litzateke urte gehiago kontuan hartzea, baina langileak eskubidea izatea urte okerrenak zenbaketa horretatik kentzeko.

Kontuan hartzen diren kotizazio epeak luzatzeak, oro har, jaso beharreko pentsioak jaitsi izan ditu orain arte, ohikoa baita langile baten soldata handitzea bere ibilbide profesionalak aurrera eginez gero, dela ardura handiagoko kargua hartu dutelako, dela antzinatasun saria eskuratzen duelako —Bruselara iritsi ez den zirriborroaren kalkuluen arabera, 25 urtetik 35era igotzeak batez beste %6,3 txikituko lituzke pentsioak—.

Baina azken urteetan egoera aldatzen ari dela esan du Escrivak, badirela azken urteetan diru sarrera txikiagoak dituzten herritarrak, batez ere erretiroa hartu aurretik kaleratu dituztelako. Horri gehitu behar zaio prekaritatea handitu egin dela azken hamarkadetan, eta horren ondorioz gero eta langile gehiagok kotizatu gabeko urteak dituztela, edo oso ekarpen txikikoak. Egoera horrek batez ere gazteei eta emakumeei kalte egiten diela aipatu du ministroak, eta hori kontuan hartu nahi dutela erreforman. «Bruselara doana, gizarte eragileekin lantzen ari garena da jende askoren lan bizitzak aztertu behar ditugula, ikusteko noiz arte luzatzen diren beren kotizazioak, ikusten zer gertatzen den hutsuneekin, azken urteekin».

Bi urtetik 24ra

Azken hamarkadetan asko handitu da pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko erreferentzia. 1985era arte, lan egindako azken bi urteetako soldataren araberako pentsioa jasotzen zuten erretiratzen zirenek, baina urte hartan zortzira handitu zuten, eta hamabostera 1997an. 2011n, berriz, hamabostetik 25era igotzeko prozesua hasi zen, datorren urtean bukatzekoa dena. Horrenbestez, aurten erretiroa hartuko dutenen azken 24 urteetako kotizazioak hartuko dira kontuan.

Pentsioak eguneratzeari dagokionez, erreformak behin betiko lurperatuko du PPk arlo horretan zioena, hots, %0,25 soilik igotzea Gizarte Segurantzak defizita zuenean. Pentsioek erosteko ahalmenari eutsiko diotela agindu du Espainiako Gobernuak, baina horrek ez du ezinbestean esan nahi urtero KPIa igoko dietenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.