Kordoba 0-2 Reala

Azkena, bere kontura

Realak Kordoba kanporatu du Kopan, Willian Joseren bi goli esker. Okerrik ezean, brasildarra Wolverhamptonera joango da utzita, aurki.

Willian Jose, bere bigarren goleko jaurtiketa armatzen. Brasildarrak agur esango dio Realari. SALAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 20a
21:32
Entzun

Willian Josek bere sinadura idatziz amaitu du Realean egin duen aldi jarraitua. Oker handirik ezean, aurrelari brasildarra Ingalaterrako Wolverhampton taldean ariko da aurrerantzean, utzita, eta agur ezin hobea egin dio talde txuri-urdinari: Espainiako Kopan haren bi goli esker egin dute aurrera txuri-urdinek. Kordobari 0-2 irabazi diote.

Erasoko jokalariak bere gain hartu du agurreko lehia. Lehen zati eskas baten ostean, Willian Joseren bi golek sailkatu dute Reala final-zortzirenetarako. Baloia sareratzean ospakizun handirik egin ez badu ere, bere erako eskertza egin du aurrelariak. Izan ere, haren ekarpenik gabe lanak izango zituzten txuri-urdinek. Bi maila beherago ari den talde bat menderatzeko astunegi aritu dira, eta bi joaldi baliatu ditu Kordobaren amarauna zulatzeko.

Neurketari ekiteko, zenbait aldaketa egin ditu Imanol Alguacil prestatzaileak. Asier Illarramendi hasieratik aritzea izan da horietako bat; mutrikuarrak urte eta erdi egin du norgehiakorik jokatu gabe, eta hasieratik aritu da gaur, kapitain gisara. Huraxe izan da iluntzeko lehendabiziko poza Donostiako taldearen zaleentzat. Aritz Elustondok emandakoa izan da bigarrena; azken asteetako arazo fisikoak gaindituta, zelaian izan da beasaindarra ere.

Harrobiko bi jokalari horiez gain, aulkian denbora gehiago igaro duten zenbait jokalari zelairatu ditu Imanolek, Kopan bederen minutuak izan zitzaten: Modibo Sagnanen, Ander Barrenetxearen, Roberto Lopezen eta Martin Merquelanzen kasua izan da.

Haiek, ordea, ez dute lortu jokatzeko grina hori erakustea. Apal ekin diote bi taldeek, elkar zainduz, eta kosta egin zaie aurkariari min egitea. Kordobak erosokorrago jokatu du lehendabiziko zatian. Neurria hartu dio Realari, eta Pablo Alfaroren taldeak erasoan abagune gutxi izan baditu ere, lortu du txuri-urdink bere areatik urrun egotea. Bigarren zatiaren esperoan, egoera hori balekoa izan da espainiarrentzat.

Alegrantzia horrek ez die askorik iraun, ordea. Realak gaitasun tekniko handiagoa aprobetxatu du golak sartu eta hurrengo kanporaketarako sailkatzeko. Lopezek, 56. minutuan, erdiraketa ona egin du ezker zangoarekin, eta Willian Josek sarera bideratu du baloia. Halaxe egin du 0-1ekoa.
 
Ordutik aurrera, partida kudeatzen aritu da Reala. Imanolek aldaketa batzuk egin arren, aurrelari brasildarrak bere bigarren gola egin du 84. minutuan. Agur kutsuko zartakoa eman dio baloari eskuineko zangoaz. Gol eder bat sartuz utziko du Reala.

Lau txapelketa begiz jota
Willian Joseren bi gol nahikoa izan ditu Realak aurtengo Kopan aurrera segitzeko. Txapelketa horri, iazko Kopari, Espainiako Ligari eta Europa Ligari begira dira orain txuri-urdinak. Lehiaketa multzo horretan pozak biltzen segitzeko, Donostiako klubak gertu du Sevillako Carlos Fernandez fitxatzea, Willian ordezteko. Halaber, azken orduetan harrabotsa sortu du Martin Odegaarden itzulera posibleak. Biak lotu nahian ari da zuzendaritza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.