EH Bilduk proposatu du oinarrizko hornidura energetikoaren faktura ez izatea diru sarreren %10 baino gehiago

Ongizate energetikorako eskubidea bermatzeko lege proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk, pobrezia energetikoaren kontzeptua gainditzeko helburuarekin. Haren arabera, egoerak «okerrera» egin du azken urteetan, eta herritarrek «erantzunak» behar dituzte.

Nerea Kortajarena eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek aurkeztu dute lege proposamena, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 21a
12:49
Entzun

EH Bilduk ongizate energetikorako eskubidea bermatzea helburu duen lege proposamena erregistratu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitza legean jasota dagoen «dimentsio nagusietako bat etxebizitza duin bat» izatea da, eta herritar guztiek oinarrizko baliabide energetikoak eskura edukitzea «ezinbesteko elementua» da. Lege proposamenean, beraz, proposatu dute oinarrizko hornidura energetikoa lortzeko faktura ezin dela izan etxebizitzako kideen diru sarreren %10 baino gehiago, eta, gainera, bizilekuetan 18 eta 25 gradu arteko tenperatura izatea bermatu beharko litzatekeela, nazioarteko irizpideen arabera. Baina bada gehiago ere. Taldeak azpimarratu du «bazterketa egoeran erortzeko» arriskuan daudenei jarraipen «berezia» egingo diela administrazioak, hornidurak eskuratzeko.

Nerea Kortajarena eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek aurkeztu dute proposamena, ezarri nahiko luketen eskubideak pobrezia energetikoaren kontzeptua gaindituko lukeela azalduta. Kortajarenak azpimarratu du 2008ko Atzeraldi Handia krisi ekonomikoaz geroztik kontzeptu horren adierazleek «okerrera» egin dutela, eta «milaka» direla etxean berogailu edo errefrigerazio egokia lortzeko gastuei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez dutenak: «Bi urte eskasetan %5,3 igo da negua iristean etxean tenperatura egokia mantentzeko zailtasunak zituztenen kopurua; 199.854 pertsona zeuden egoera horretan 2018an». Haren ustez, gainera, izurriteak eragindako krisiak arazoa areagotu egingo du, eta, beraz, herritarrek «erantzunak eta ziurtasunak» behar dituzte, politika publikoetatik eratorriak. EH Bilduk eskatu du herritar guztiek oinarrizko baliabide energetikoak eskura izatea, eskubide hori bermetazeko sistema bat eratzea eta hori iraunkorra den esparru energetiko batean egin ahal izatea.

Proposamena dagoenetan onartuko balitz, Oterok nabarmendu du ongizate energetikoa «eskubide objektiboa eta subjektiboa» izango litzatekeela, eta, beraz, administrazioak bermatu beharrekoa. Legeak jasotakoa bermatzeko, ordea, laguntzak garrantzitsuak direla azpimarratu du. «Batetik, laguntza ekonomikoak leudeke, EAEko pertsona guztiek behar energetikoak asetzeko energia kantitate bat izan dezaten, arrazoizko diru kopuru baten truke; bestetik, laguntza  teknologikoak daude, hala nola faktura energetikoa arintzen lagunduko luketen gailu eraginkorrak». Legebiltzarkideak gehitu du laguntza ekonomikoak aurrekontuen bitartez bermatuko liratekeela, baina horretarako hainbat adierazle garatu behar direla: etxebizitza motak, biztanleak eta zaurgarritasun maila, esate baterako.

Larrialdi klimatikoa ere oinarri

Eskubidea bermatzeko oinarrizko hornidurak egotea da ezarritako helburuetako bat, baina legebiltzarkideek aitortu dute bestelako programak eta egitasmoak abiatzea eta arautzea ere beharrezkoa dela, larrialdi klimatikoa oinarri hartuta. «Klima larrialdiak ahalik eta CO2 isuri gutxien izatea eskatzen du, eta, horretarako, legeak bi alderditan egiten du azpimarra», azaldu du Oterok. Batetik, etxebizitzak zaharberritzeko planaren beharra nabarmendu dute, faktura energetikoa erdiraino jaistea lortuko litzatekeela erantsita. Horretarako diru laguntza sistema bat ere egongo litzateke, lege proposamenaren arabera. Bestetik, autokontsumoa eta komunitate energetikoak izan dituzte oinarri, erdigunean energia berriztagarriak jarrita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.