Datuak

1.346 kasu positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Osasunbideak ia 17.000 test egin zituzten atzo, eta horien %8k eman dute positibo: 1.346k. Laugarren egunez jarraian, handitu egin da egun bakarrean zenbatutako positibo kopurua. 121 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan.

Baheketak Durangon (Bizkaia), artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urtarrilaren 21a
12:55
Entzun

Kutsatuen kurba etenik gabe ari da goratzen Hegoaldean. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1.346 COVID-19 kasu positibo atzeman dituzte atzo egindako probetan. Azaroaren 14tik aitzina erregistratutako kutsatu gehien dira horiek. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, birusa detektatzeko 16.745 test egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horien guztien %8k eman zuten positibo. Eguneko positibo kopuruari dagokion adierazlean ez ezik, goranzko joera nabarmena ikus daiteke positiboen ehunekoaren bilakaeran ere. Abendu bukaeran %4ren bueltakoa zen hamalau eguneko batezbestekoa Hegoaldean; orain, %6tik goitikoa.

Lurraldez lurralde, Bizkaian 622 kasu detektatu zituzten atzo; Gipuzkoan, 299; Nafarroan, 225; eta Araban, berriz, 176. Bezperako datuen aldean, Hegoaldeko herrialde guztietan ugaritu ziren egun bakarrean zenbatutako positiboak. Gainera, beste behin, gora egin zuen intzidentzia tasa metatuak ere. Hain justu, herenegun Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «eremu gorrian» sar zitezkeela aste honetan, intzidentzia tasa metatuak 500en langa gaindituta. Hala egin du Bizkaiak: 100.000 biztanleko 518 pertsonari atzeman diete koronabirusa azken hamalau egunean. Gainerako lurraldeetan apalagoa da tasa, baina denetan da 400dik gorakoa: Gipuzkoan 442koa da tasa; Araban, 422koa; eta Nafarroan, 403koa.

Ospitaleen egoerari dagokionez, ZIU zainketa intentsiboetako unitateak gero eta beteago daudela erakusten dute azken asteotako datuek. Oraintxe bertan 121 lagun daude unitate horietan Hego Euskal Herrian.
Jaurlaritzako Osasun Sailakez du zehaztu zenbat lagun erietxeratu zituzten atzo Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetan, ez eta zenbat dauden ere oraintxe bertan gela arruntetan. Nafarroan, berriz, Osasun Departamentuak adierazi du atzo 19 pertsona ospitaleratu zituela Osasunbideak, eta zehaztu du 132 lagun daudela gela arruntetan.

Bestalde, birusarekin kutsatua zen 88 urteko emakumezko bat zendu zen atzo Nafarroan. Halaber, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi du herrialdeko zahar etxeetako sei egoiliar hil zirela gaitzaren ondorioz.

Neurrien zorroztea
Labi aholku batzordea bihar bilduko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean diren neurri murriztaileak aztertu eta haien gaineko erabakien berri emateko. Zehazki, Labiren mahai teknikoa gaur bildu da mugak aztertzeko, eta instituzioen ordezkariek dute bihar bilera; eguerdian iragarriko dituzte neurri berriak. Azken egunetan, Jaurlaritzak hainbatetan azaldu du etxeratze agindua bi orduz aurreratzeko nahia, baina, oraingoz, Espainiako Gobernuak ez die hori egiteko aukera baimendu erkidegoei. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu izan duenez, 19:00etatik aurrera establezimendu guztiak ixteko eta jarduera guztiak bertan behera uzteko aukera aztertuko du Labik. Gainera, herri guztietan konfinamendu perimetrala ezartzeko proposamena ere egin dute, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.