Euskara

Atzerritarrak euskarazko ereduetan matrikula daitezen bultzatzeko kanpaina errefusatu du Nafarroako Parlamentuak

Geroa Baik egin duen proposamenean, atzerritarrak D eta A ereduetan matrikulatzera animatzeko kanpaina eskatu dute. Iruñeko ganberan, ordea, EH Bilduren babesa bakarrik jaso du egitasmoak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 21a
13:10
Entzun

Nafarroako Hezkuntza sailari eskaera egin nahi zioten Geroa Baiko eta EH Bilduko talde parlamentarioek: eskoletako matrikulazioa martxan jartzen denean, atzerritarrei bideratutako kanpaina egin zezatela euskarazko ereduetara gerturatzeko haur horiek. A eta D ereduak sustatzea zuen helburu Geroa Baik gaur goizean Nafarroako Parlamentuan aurkeztu duen mozioak, baina EH Bilduren babesa besterik ez du jaso. Navarra Suma, PSN eta Ezkerrak aurka bozkatu dute, eta Ahal Dugu abstenitu egin da. Mozioak hainbat zuzenketa eskari jaso ditu, baina Geroa Baik ez du bat bera ere onartu.

Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak hala esan du: “Etorkinak nahi baditugu sentsibilizatu Nafarroa guztira gerturatu daitezen; horretarako ez dago euskarazko ereduak baino modu hoberik”. Gaineratu duenez, azken boladan kritika “gogorrak” jaso ditu D ereduak etorkin gutxi erakarri dituelako. “D ereduak ez du inor baztertzen eta segregatzen, eta hori horrela dela erakusteko, Hezkuntza sailari eskatzen diogu ikerketa bat egin dezala jakiteko zergatik gertatzen den hori, eta hartu ditzala egoera zuzentzeko neurriak”.

Navarra Sumak mozioari jarri dion zuzenketan Solanak aipatutako azken puntuko eskaera bat ere biltzen zuen. Hau da, Hezkuntza sailari eskatzen zion azterketa bat egin zezala jakiteko zergatik dauden hain etorkin gutxi D ereduan. Hortik aurrera, bestelako eskaera ba egin du: egin dezatela informazio kanpaina bat hezkuntzan dauden hizkuntza ereduen berri emateko, baina Nafarroako zonifikazio mapa kontuan hartuta. Iñaki Iriarte koalizioko bozeramaileak galdera egin dio Solanari ea gaztelerazko G ereduak A edo D eredukoak baino emaitza okerragoak ote dituen. “G ereduak ez badauzka emaitza akademiko okerragoak, botere publikoak zer arraiogatik gomendatu beharko luke A ereduan eta, batez ere, D ereduan matrikulatzeko?”.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak esan du Navarra Sumaren zuzenketa “zinikoa” dela, eta begi bistakoa dela zergatik ez dauden etorkinak euskarazko ereduetan: “Euskara zaila dela esaten zaie, arazo iturri dela, diskriminatzailea, eta ez duela ezertarako balio; ez duela balio lana topatzeko, eta ingelesak, aldiz, ate asko irekitzen dituela”. Kontrara esan du berak, euskara gizarte kohesiorako tresna dela, eta ateak asko irekitzen dituela. Ez soilik hizkuntza aldetik, baita sozialki eta kulturalki ere. Koalizio abertzaleak ere zuzenketa jarri dio Geroa Baik aurkeztutako mozioari, eta bertan eskatu dute Euskarabidea ere inplikatu dadila kanpaina horietan.

PSNk gobernukide duen Geroa Baik aurkeztutako mozioaren aurka egin du, hezkuntza publiko sare guztiaren defentsa egitea dagokielako. Jorge Agirre bozeramailearen hitzetan, D ereduaren aldeko kanpaina egingo balitz, ereduen arteko lehia sortuko luke, eta gobernuaren betebeharra hezkuntza publikoa defendatzea izan beharko luke. Ezkerrak eta Ahal Duguk ere ildo horretan defendatu dute euren jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.