Lurraldetasuna

Otsailaren bukaera arte itxiak egonen dira mugako pasabideak

Frantzian atentatuak izateko arriskua «handia» den bitartean mugako zortzi pasabideak itxiak egonen direla iragarri du Eric Spitzek. Hilaren 14tik daude itxiak.

Mugen itxieraren kontrako EH Bairen elkarretaratzea, Hendaia eta Irun artean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urtarrilaren 21a
13:23
Entzun

Herritarren eta hautetsien kexuari entzungor egin die Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Prentsari agiantzak aurkezteko agerraldian, urtarrilaren 14tik itxiak diren Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabideen itxieraz galdetu diote, eta erantzun du aurreikusten duela «otsailaren bukaera aitzin neurria bertan behera uztea». Haren hitzetan, 2020aren bukaeratik atentatu arrisku «gorenean» dago Frantzia, eta, beraz, ez du «irekitzeko datarik» ematen ahal. Hala ere, Aldudeko ibarrean (Nafarroa Behera) jendarmeek «tolerantzia» izanen dutela iragarri du, herritarrentzat egoera «konplikatua bilakatzen ari baitzen».

Urtarrilaren 12an iragarri zuen Prefeturak mugako zortzi pasabide itxiko zituela. «Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko, Schengen eremuaren barneko mugaz gaindiko zirkulazioaren kontrola beharrezkoa» dela adierazi zuen agiri batean, eta azaldu zuen kontrolak «indartu eta arrazionalizatzeko» hartu zutela neurria. Zehazki, hauek dira itxi dituzten bideak: Hendaia (Lapurdi) eta Hondarribia (Gipuzkoa) lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria; Hendaiako merkantzia zubia; Lizuniagako lepoa; Lizarrietako lepoa; Sarako (Lapurdi) bidea, Berruet bentaren heinean; Izpegiko lepoa; Aldudeko ibarra; Iturzaetako lepoa. Gainerako pasabideak irekiak dira. Hala, ibilgailuak eta oinezkoak eremu hauetatik pasatzera gomitatu zituen prefeturak: Hendaia eta Irun (Gipuzkoa) arteko Santiago zubia, Pausuko zubia eta Biriatuko muga; Ibardingo lepoa, Dantxariako muga eta Arnegi.

Prefeturaren erabakiak ezin ulertua eragin zuen herritar andanaren artean, eta haien eguneroko joan-etorriak azkarki luzatuko zituela salatu zuten. EH Bai eta EH Bildu ere kritiko mintzatu ziren mugen itxieraz. Agiri batean salatu zuten itxierak erakusten duela Frantziako eta Espainiako estatuek gaitasuna dutela Euskal Herriaren barne bizitza «konplexurik gabe» baldintzatzeko edo «zuzenki eten egiteko». Elkarretaratzeak antolatu zituzten Saran eta Hendaian itxieraren kontra.

Euskal Herriko erakundeek ere dei egin diote Frantziari neurria berrikusi dezan. Frantziako Estatuari elkar aditze bat eskatu dio Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko mugaz gaindiko harremanetarako kontseilari delegatuak. «Erabaki hau indartu nahi dugun mugaz gaindiko lankidetzaren oinarri diren euskal lurraldeetako biztanleen eta eragileen eguneroko trukeen aurka doa», adierazi zuen agiri batean. Herenegun, Jean Castex Frantziako lehen ministroari eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari gutun bat bidali zien Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen buru gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.