Lan gatazkak

Manifestazio bateratu bat egingo dute Arabako enpleguaren defentsan

Hainbat enpresa eta sektoretako langileek deitu dute protestara. Hilaren 30ean egingo dute, Gasteizen.

Los Angeles elizan egin dute protestaren berri emateko agerraldia. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
aitor biain
2021eko urtarrilaren 21a
13:50
Entzun

Arabako enplegu «duinaren» aldeko manifestazio bateratua egingo dute hilaren 30ean, Gasteizen. Hainbat enpresatako eta sektoretako langileek egin dute protestarako deialdia; izan ere, iritzi diote egungo egoerak lantokiak «gainditzen» dituela eta «herritar guztiei» eragiten diela. «Ezin dugu beste alde batera begiratu, inor ez baitago salbu; enplegu duinaren aurkako eraso sistematiko horrek edonori eragin diezaioke». «Indarrak batzea» erabaki dute, beraz, erantzuna ere «bateratua, globala eta plurala» izateko.

Aitor Bezares Aernovako langile batzordeko kideak azaldu du langileek Los Angeles elizan egindako itxialdiaren emaitza dela manifestazioa. Izan ere, askotariko eragile, enpresa batzorde eta elkarterekin hitz egin dute egunotan, eta horri esker jakin dute kasu bakoitza «partikularra» bada ere, eta, beraz, erantzun zehatza eskatzen badu ere, «antzeko arazoak» dituztela denek: «administrazioaren indiferentzia» da horietako bat, hain zuzen. «Ezin dugu ez ikusiarena egin milaka langileren urteetako lana estutasunean jartzen duten bitartean, eta administrazioak pandemiaren kudeaketan egiten dituen akatsen erantzule egiten dituenean». Hori horrela, erakundeei lan gatazketan inplikatzeko eskatuko diete protestan, besteak beste.

Gaur-gaurkoz, hauek dira deialdiarekin bat egin dutenak: Aernnova, SDA, Laminaciones Arregui, Alestis, SOS Ostalaritza, GPS, Arabako pentsionistak, sorosleak eta udal kirol jardueretako langileak. Nolanahi ere, atxikimenduak jasoko dituzte oraindik ere araba.enplegua@gmail.com helbidean. «Araban, enplegu duina defendatzea gizarte eskubideetan, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta abarretan dituen ondorioekin; gizarte osoak inplikatu behar du, eta administrazioek ozen eta argi entzun behar duten aldarrikapena da», adierazi dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.