Katalunia

Kataluniako Auzitegi Nagusiak kanpaina beterako utziko du bozen eguna finkatzeko erabakia

Epaimahaiak behin-behinean mantenduko du otsailaren 14ko hauteskunde deialdia. Kataluniako Gobernuak gaur goizean aurkeztu ditu bozak atzeratzearen aldeko alegazioak.

Meritxell Budo Generalitateko bozeramailea eta Pere Aragones Kataluniako jarduneko presidenteordea, atzo, herenegun, gobernu bilerara iristen. RUBEN MOREO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 21a
14:20
Entzun

Baliteke Katalunia oso egoera bitxian egotea hurrengo asteburuan. Posible da alderdiak hauteskunde kanpaina betean murgilduta egotea jakin gabe ea kanpaina horren amaieran bozik egingo den. Izan ere, Kataluniako Auzitegi Nagusiak otsailaren 8ra arteko epea emango dio bere buruari Generalitateak bozak atzeratzeko onartu zuen dekretua legezkoa den ala ez argitzeko.

Kataluniako Gobernuak hauteskundeak maiatzaren 30era atzeratzeko dekretua onartu zuen joan den ostiralean, pandemiaren eraginez osasun egoera okerrera egiten ari dela argudiatuta. Neurriak alderdi guztien babesa jaso zuen, PSCrena salbu. Baina, herrialdeko Auzitegi Nagusiak dekretu horren kontra herritar batek aurkeztu zuen helegitea tramiterako onartu, eta atzerapena behin-behinean indargabetzea erabaki zuen, kautela neurri gisa, auzia argitu arte.

Azkenean, epaileek erabakia hartzeko otsailaren 8ra arteko epea agortzen badute, 11 egun emango ditu Kataluniak hauteskunde kanpainan, otsailaren 14an parlamenturako bozak izango dituzten ala ez jakin gabe. Hasierako data mantentzen bada, kanpaina urtarrilaren 29an hasiko da.

Auzitegiak bozak atzeratzearen kontrako beste sei salatzaileren helegiteak ditu aztertzeko, horiek ere kautela neurriak hartzeko eskariekin. Helegiteak aurkeztu dituztenen artean dira Liga Demokratikoa, Ezkerreko Federalistak, Ezkerra Positiboan eta Bultzada Herritarra elkarteak. Auzitegiak tramiterako onartu duen lehena, bozen atzerapena indargabetu duena, Josep Asensio abokatuak aurkeztu du. Asensio mossoa izan da aurretik, 21 urtez.

Presazko arrazoiengatik, gaur 10:00ak arteko epea eman zien auzitegiak aldeei alegazioak aurkezteko. Kataluniako Gobernuak 09:00etan aurkeztu ditu bereak, bozak atzeratzea defendatzeko. Irizpide sanitarioetan oinarritu du hauteskundeak atzeratzeko erabakiaren defentsa.

Generalitatearen Osasun Sailaren txosten baten arabera, COVID-19ak kutsatuen kopuruak eta ZIU zaintza intentsiboetako unitateen okupazioak goia joko dute hauteskundeetarako hasieran jarritako eguna baino zertxobait lehenago. Osasun Sailak aurreikusten du egun horietan 3.000-4.000 positibo izango direla, eta 620-750 paziente ZIUetan.

Alderdi sozialista egunez aldatzearen aurka agertu zen hasieratik, baina bozen atzerapen tekniko baterako prest azaldu zen azken momentuan. Hauteskundeak martxoaren 14an edo 21ean egiteko aukera mahaigaineratu zuen. Generalitateak proposatutako data onartu zuen gehiengoak, ordea: maiatzaren 30a.

Hori jakinda ere, bere asmoari eutsi zion PSCk. Hartutako erabakia justifikatzen duen «irizpide epidemiologikorik» ez dagoela salatu zuen Miquel Iceta alderdiko idazkari nagusiak. «Gauza bat da hauteskunde data aldatzea, eta beste bat joko arauak aldatzea», adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.