Adierazpenak

Zubiagak dio prozeduraren parte dela pertsonei tiro egitea

Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak salatu du auzotar asko zauritu zirela atzo. Erkorekak gaitzetsi egin ditu istiluak.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzao Segurtasun sailburuordea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maider Galardi
2021eko urtarrilaren 21a
14:22
Entzun

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak Donostiako atzoko istiluen bideoaren harira egin ditu adierazpenak, ETB2ko En jake saioan. Haren esanetan, «protokoloaren parte» da jendeari tiro egitea: «Materiala halako egoeretarako eginda dago. Aldez aurretik erabili zen, jendearengana iritsi aurretik, abisu gisa, baina, halako batean, pertsonei jaurtitzen zaizkie». Foam motako jaurtigailuez aritu da Zubiaga, eta erreferentzia egin dio gaur goizean zabaldutako bideoari. Bertan, ertzainburu bat ikusten da Donostiako Parte Zaharreko istiluetan beste ertzain talde bati esaten: «Jotzeko egingo dugu tiro».

Azaldu duenez, punteria sistema bat dute gailuek, eta esan du helburu jakin batzuei botatzeko prestatuta daudela, «anabasa pizten ari diren horiei". Gaineratu du ezin dela «testuingurutik atera» ertzainburu horren esaldia: «Parte Zaharrean gertatzen dena ezin da ulertu ingurukoa kontuan hartu gabe. Talde batzuek muga guztiak gainditzen dituzte».

Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ere gaitzetsi ditu atzo iluntzeko istiluak, eta salatu du Ertzaintzari eta Udaltzaingoari egindakoa "onartu ezin daitekeen jazarpena" izan zela. Istiluetan "bizikidetza asaldatu" eta kalteak eragin zirela esan du, eta babes osoa adierazi die poliziei.

Ertzainak, goizetik

Bestelakoa da Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladaren bertsioa, eta atzo iluntzean bertan zeuden zenbait lekukorena ere bai. Gazte taldeak ohartarazi du Polizia esaten ari dela zenbait kide zauritu zirela beren jardunean, baina salatu du auzotar askok lesioak dituztela. Hala adierazi du bertan zegoen Unaik —gertakarien lekukoa izan zen, baina ez du izena eman nahi izan—: «Poliziaren oldarra hasi zenean, etxera zihoazenei, kalean paseatzen ari zirenei, autoaren bila zihoazenei... haiei ere oldartu zitzaien Ertzaintza». Hainbatek hanketan zauriak dituztela jakinarazi dute, eta bi lagunek, gutxienez, matrailezurra hautsita daukatela.

Halaber, gazte taldeak salatu du ez dela «kasu bakana», eta gogora ekarri dituzte joan den larunbateko gertakariak ere: «Hau modu bat da agintari instituzional eta politikoek pandemian izandako arduragabekeria zuritzeko. Auzoa militarizatu egin dute koronabirusaren izenean». Egoera salatzeko, mobilizazioa egingo dute larunbat eguerdian.

Poliziaren presentzia goizetik «nabarmena» izan zela azaldu du Unaik: «Poliziaren presentzia goizetik oso-oso handia izan zen. Konstuzio plazara pasatzerakoan, poteoan, denbora osoan Poliziaren presentzia eta markatzea zegoen. Auzotarren artean genioen polizia asko zegoela». Hain justu, goizean pertsona bat ere identifikatu zuten.

Unaik aitortu du halako batean pilaketak egon zirela, 19:00ak inguruan, baina ostalariek une oro zaindu zituztela beharrezko segurtasun neurriak. Gainera, azaldu du talde pilaketa handirik ez zela egon. Arratsalderako, ordea, gero eta jende gehiago elkartu zen Parte Zaharrean, Unaik azaldu duenez, eta horregatik zegoela Udaltzaingoa. Unaik esplikatu du nola izan zen lehen atxiloketa: «Ez zen Konstituzio plazan izan, Trinitatean baizik. Udaltzaingoak gazte bat atxiki zuen. Eta, hori jakinda, Ikatzen zegoen jendea hara bildu zen. Orduan etorri zen Ertzaintza».

Hain justu, Parte Zaharreko Gazte Asanbladako kideek ez dakite oraindik lau lagun ala bost dauden atxilotuta —Ertzaintzaren oharrak dio lau lagun atxilotu dituztela, eta baieztatzeko dago Udaltzaingoak beste norbait atxilo hartu zuen—.

Amaiera «tristea"

BERRIAk liskarren nondik norakoaz galdetu dio Donostiako Udalari, eta hark erantzun du istilu «tamalgarri eta deitoragarriak» izan direla. Pilatutako jende kopuruari eta segurtasun neurriak ez betetzeari egotzi dizkio:  «Zenbait jendek atzoko eguna festatzat hartu zuen, eta halaxe ospatu, eman diren osasun irizpideei muzin eginez. Tarte batzuetan, osasun ikuspuntutik egoera arrikutsuk ikusi genituen Parte Zaharreko zenbait kaletan, jende asko pilatu zelako tabernen kanpoaldean, talde handietan eta maskararik gabe alkohola edanez». Gero, «ordena publikoko arazo» bihurtu zen gertatutakoa, udalaren arabera. 

«San Sebastian eguna aurten ez zen ospakizun eguna, eta hiriko gehien-gehienek hala ulertu zuen, eta arduratsu jokatu. Gutxi batzuek, berriz, ez zuten errespetatu nahi izan pilaketaren debekua, eta, gainera, osasun arazoa segurtasun arazo bilakatu zuten. Tristea benetan hiriko egun nagusia horrela amaitu izana», zehaztu dute. Hain justu, datorren asterako adierazpen bat sinatu nahi dute, udal taldeek gertatutakoa gaitzesteko. EH Bilduk eta Podemosek, ordea, ez dute babestu egitasmoa.

Donostiako EH Bilduk, ordea, gaitzetsi egin du udalaren jokabidea. Salatu dute, esaterako, Eneko Goia alkateak berak erabaki izana bandera jaitsiko zuela, eta erabaki hori «bere kabuz» hartu izana. Ondorioz, pilaketak izatea «espero zitekeen zerbait» dela diote, eta, hortaz, azalpenak emateko eskatu diote Goiari. 

Gainera, Donostiako Parte Zaharrean azken egunetan ikusten ari diren «gerra irudiak» ere gaitzetsi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.